Mezu edo lema positiboak kaltegarriak izan litezke osasun mentalarentzat

Goizean esnatu eta zure katiluan dagoen esaldi motibatzailea begiratzen duzu: "Zure ametsengatik borrokatzen baduzu, lortu ditzakezu". Errealitatea oso bestelakoa da ordea. Urteak daramatzazu formatzen, bekadun bezala zaude, lan asko doan eginik gainera. Zure ametsengatik borrokatzea erabaki zenuenetik frustrazio askotatik igaro zara, amorrutik, antsietate eta tristuratik. Orain ohartzen zara haurra zinela ikusitako pelikula horiek ez direla uste zenuena, esfortzuarekin soilik ez dela beti nahi dena lortzen.
Honen aurrean psikologoek diote bizitzaren alde bidegabea onartu beharra dagoela, zeren batzuetan jazoera negatiboetatik igaro beharra dugu eta bai, zenbaitetan borrokatuta ere esperotako ondorio positibo horiek ez dira sekula iristen. Hala ere, adituek azpimarratzen dute esfortzuak gure helburuak betetzeko aukerak handitzen dituela, baina ez da erabateko bermea. Borrokatzen ditugun gauza asko ez daude gure esku soilik, nahiz eta gizarteak hala transmititu.
Egungo gazteek frustrazioa kudeatzen beste edozein belaunaldik baino lan handiagoa egin beharra du, euren lan itxaropenak gutxitan betetzen baitira. Nahiz eta egia den aurreko belaunaldiek ez dutela aukerarik ere izan zenbait amets edo itxaropen horiek planteatzeko ere. Zure ametsengatik borrokatu leloak millennialen belaunaldian izan du goraldia, nahiz eta errealitate gordinari aurpegia gehien ikusi dionai izan den. Eta hala ere, badirudi, esaldi motibatzaile hauek modan egoten jarraitzen dutela eta ez beti intentziorik onenarekin.
Izan ere, askotan zerbitzu edo produktu bat saltzeko erabiltzen da, ez benetan pertsonei laguntzeko. Dirua nola eskuratu dezakezun dioten YouTubeko bideoak, autolaguntzako liburuak... guzti hauek sinestarazten digute pentsamendu baikorrek sendatu gaitzaketela eta horrek gure osasu mentala hobetu beharrean narriatu egiten du, funtsean marketin hutsa baita.
Gainera ideia horiek bizitzan gertatzen zaigun guztiaren arduradun egiten gaituzte, horrek dakarren erruduntasun sentimenduarekin, gertatzen zaiguna txarra bada. Psikologoek diote honek muturreko nartzisismoa sortu lezakeela gainera. Izan ere, pertsona horiek sinesten dute eurak direla lortu nahi duten guztia lortzeko behar duten bakarra eta horrek arazoak sortzen dizkie. Beste batzuengan gehiegizko autokritika sorrarazten du muturreko ardura horrek: zer egin ote dut gaizki edo zer ote dago gaizki nigan? bezalako pentsamenduak sortuz.
Errealitatea, ordea, adituek ondo dioten bezala, gure ahaleginen eta kanpoko baldintzen arteko konbinazio bat da. Askotan lortzea edo ez egitea ez dago lotuta norberaren gaitasunekin, baizik eta aukera kopuruekin. Arazoa da beti arrakastadun kasuekin alderatzen garela, eta gutxitan pentsatzen dugu beste hainbat eta hainbat bidean zehar geratu direla.
Orduan, besterik gabe, horrelako mezuak ezabatzea da onena? Horrek ere ez dirudi irtenbidea. Nahia dugun gauzengatik borrokatzea ez da zerbait txarra. Ametsak izan eta horiek lortzen saiatzea positiboa da. Negatiboa dena da pentsatzea saiakera guztiek izango dutela saria. Frustragarriena da, gure ametsak egi bihurtzen saiatzeagatik gure osasun mentala narriatzea. Horregatik, ideia ezabatu baino zehaztu egin behar da.
Adituen ustez interesgarria litzateke lema birformulatzea: "Zure ametsengatik borrokatzen baduzu, aukera gehiago izango dituzu hauek egi bihurtzeko". Hobeto, ezta? Perspektiba kontua da. Honelako esaldiek modu osasungarriagoan lagundu gaitzakete, gure frustrazioak kudeatzeko aukera emanez.