"Mewing": teknika edergarria edo enegarren gezur mediatikoa?

"Mewing": teknika edergarria edo enegarren gezur mediatikoa? Sare sozialak, eta bereziki TikTok, "mewing"-a praktikatzen ari diren pertsonen argitalpenekin bete da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mewing-teknika-edergarria-edo-enegarren-gezur-mediatikoa/@@download/image/Captura de pantalla 2024-04-29 a las 6.25.53.png
2024/04/29
Sare sozialak, eta bereziki TikTok, "mewing"-a praktikatzen ari diren pertsonen argitalpenekin bete da.
"Mewing": teknika edergarria edo enegarren gezur mediatikoa?

Itxura denez, teknika honekin aurpegiaren forma hobetzen da, baina zertan datzan? Besterik gabe mingaina ahosabaian ipintzea da, goiko hortzen atzetik, ahoa eta baraila ixtea eta posizio honetan mantentzea, sudurretik arnasa hartuz.

Diotenez aurpegi markatuagoa edukiko omen duzu, hortzak lerrokatuagoak eta kokospe gutxiago. Segurtasun gabeziak dituzten gazte askok mewing-a praktikatzera bultatzeko promesa perfektuak dira. Alta, mewing-ak asko promesten du, baina oso gutxi betetzen du.

Izan ere, ez dago inongo oinarri zientifikorik teknika honen atzean. Zientzia argia da: aurpegiaren egitura aldatu nahi badugu, aparatu zuzentzaileak erabili beharko ditugu edo kirurgia maxilofaziala burutu. Bestelako mingain teknikek, interneten zabaltzen diren gezurrek, influencer-en aholkuek… ez dizute emaitza berberera eramango, agian, guztiz aurkakoa lortuko dugu.

Bai, bai… ondo irakurri duzu. Mingainaren posizioa behartzeak ondorio negatiboak izan ditzake. Batetik, barailako artikulazioetan aldaketak gertatzeko arriskua gehitzen du. Bestetik, hortzen desplazamendua gertatu liteke, baina ez “lerrokatzeko”. Azken finean, zure aho eta hortzak bakarrak dira, eta mingainarekin egindako keinu bakar batengatik ez dira “hobetuko”. Gainera, mewing-aren keinua ez da batere naturala. Keinu honek ez dizu loaren apnearekin lagunduko, ez eta sinusitisarekin, zurrungekin edota masailezurreko minarekin. Guztia inozokeria bat baino ez da.

Inozokeria berria dirudi gainera, baina ez da horrela. Mewing-a John Mew ortodontista britiniarraren irudimenean jaio zen, 70. hamarkadan. 2012an, bere semea, aitak promestutako onura berdinekin, teknika sarean saltzen hasi zen. Bai, bere semeak itzularazi du mewing-a bere Youtubeko kanalaren bidez. Azken hilabeteetan puxika puztuz joan da. Gertakariek dena argitzen dute ordea: 2019an Michael Mew Britainiar Ortodontzia Elkartetik kanporatua izan zen, egokiak ez ziren tratamenduak promozionatzea egotzita.