Emakume artista gazteen 7. MFEST jaialdia izango da Gasteizen gaur eta bihar
MFEST jaialdiaren VII. edizioa izango da gaur eta bihar Gasteizen. "Emakume gazte sortzaileei marko kulturalean eta artistikoetan inposiziorik gabeko gune bat sortzeko " helburua du jaialdiak. Hitzaldiak, tailerrak, bertako artisten azoka eta musika izango dira.
Gaur hasiko da jaialdia, 20:30tan, Falerina Lorategian, Galbaie, Nize eta Viuda taldeen kontzertuekin.

Bihar artisautza azoka egingo dute Santa Maria plazan. Bertan, hamazpi emakume artisauren lanak izango dira: zeramika, pultserak, laminak... Azoka 12:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:00etara izango da zabalik.

Bestetik, bihar arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, bi tailer egingo dituzte Labe Gazte laborategian. Alde batetik, grafitiaren tenikan murgiltzeko tailerra izango da. Sormen-prozesu osoa landuko dute, lehen zirriborroetatik hormara. Beste aldetik, pin lantegia egingo dute. Ilustrazioak sortu eta pin eta giltzatako bihurtuko dituzte oso modu errazean; plastiko magikoan marraztu, moztu eta bere tamaina murriztuko dute beroarekin.

