Metrokoadroka Kolektiboaren 'Artxibo biluzia' proiektuak lortu du Joan Mari Torrealdai ikerketa beka

Metrokoadroka Kolektiboaren 'Artxibo biluzia' proiektuak lortu du Joan Mari Torrealdai ikerketa beka 14.000 euroko saria jasoko dute, eta urte eta erdi izango dute proiektua garatu eta jendaurrean aurkezteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/metrokoadrola-kolektiboaren-artxibo-biluzia-proiektuak-lortu-du-joan-mari-torrealdai-ikerketa-beka/@@download/image/c93507d4408caf125a3940e99f974e62_600__20221212.png
2022/12/12

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

14.000 euroko saria jasoko dute, eta urte eta erdi izango dute proiektua garatu eta jendaurrean aurkezteko.
Metrokoadroka Kolektiboaren 'Artxibo biluzia' proiektuak lortu du Joan Mari Torrealdai ikerketa beka

Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak sortutako Joan Mari Torrealdai ikerketa bekak Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egitea du xede, "Torrealdaik bizitza osoan egin zuen horretan sakontzeko" asmoz: ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan, etorkizunari so. Hamahiru proiektu jaso dituzte lehen deialdi honetan eta antolatzaileek oso balorazio ona egin dute, kopuruz zein mailaz: "Etorkizuneko euskal kulturari begira jartzeko ariketa eskatzen genuen eta proposamenek heldu diote transmisioaren auziari, kulturgileen sarea josteko aukerei, herritarren parte hartzeari eta ikusgarritasunari, praktika berritzaileei…».

Maialen Akizuk, Eduardo Apodakak, Ibai Iztuetak eta Ainara Lasak osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du Metrokoadroka Kolektiboaren Artxibo biluzia proiektua saritzea. Epaimahaiaren iritziz, proiektuaren "abiapuntua bera oso indartsua da". Izan ere, Idoia Beratarbide eta Oier Guillanek Joan Mari Torrealdairen bizipen ilun bat hartu dute abiapuntu, atxiloketan, beste gauza askoren artean lapurtu zioten artxiboa. Irabazleek sortutako antzerki-performance piezez gain, herritarrei tresnak emateko eta euren aletxoa jartzeko tailerrak ere planteatu dituzte. Urte eta erdiko epea izango dute euren proiektua gauzatu eta jendaurrean aurkezteko.

Bi urtean behin egingo dute beka deialdia: lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko izango da, eta bigarrena, lana gizarteratzeko. Udalak, urtero, 15.000 euro bideratuko ditu beka deialdia egin eta ikerketatik eratorritako proiektua dibulgatzeko, eta Jakin arduratuko da bekaren kudeaketaz.