Metroa

Metroa bakardadez beteta doa aurrera. Bagoia betetzen joan ahala, sentimentuak husten doazela konturatu nintzen atzo, jendeari begira jarritakoan.
Bidaia luze xamarra ari zitzaidan egiten eta beste zereginik ezean, ingurukoei begira jarri nintzen, inor aztertze aldera edo. Baina asko begiratuagatik ere, ezinezkoa egin zitzaidan inoren barruan zer dagoen asmatzea. Ematen du jendeak kanpoan uzten dituela sentimentuak metrora sartu aurretik. Ingurura edo lurrera begira joaten dira ezer esan gabe, aurpegikera aldatu ere egin gabe.
Berrogeita hamar urte inguruko andre beltz bat zegoen nire parean, buruan zapi hori-urdin batekin eginiko lazo bat eta tela berarekin jositako tunika luze bat zeramatzala. Erroparen eta azalaren kolore bizi guztiak itzali zitzaizkion behin metroan lehendabiziko pausoa emandakoan; eta zuri-beltza izaten segitu zuen azken geltokira iritxi zen arte.
Edo hamaika urteko haur bat bestela. Irudika ezazue hamaika urteko haur bat metroan sartzen bere aitari eskutik helduta eta bizkarrean eskolako zaku erdi-huts bat daramala. Berrogei minutu pasa zituen haur harek haulki urdin ilunean eserita, leihora begira eta ezer esan gabe.
Eta ingurukoei begira, Pariseko gauzarik harrigarriena Metroa zela erabaki nuen. Jendea sartu eta atera egiten zen inolako aztarnarik utzi gabe; batzuek ia goizero ikusi dute elkar lanerako bidean azkeneko bi urteetan, baina oraindik ez dute bata bestearen izenik ere ezagutzen. Eta bidaia osoan ez nuen lortu ulertzerik nola joan liteken horrenbeste pertsonaz betetako tren bat horren ixilik. Eskerrak behintzat turisten mapak aurrera eta atzera, gora eta behera mugitzen ziren, oraindik ere nonbait bizitasun pixkat badagoela ez ahazteko.
Ez nuen inoren begietan alaitasunik, beldurrik, haserrerik edo beste ezer ikusi. Baina egia esan, nahiz eta andre beltza eta hamaika urteko mutikoarenak bezalako aurpegi zuri asko ikusi, ez nintzen gehiegi larritu leihora begira jarri arte. Leihoan nire isladarekin egin nuen topo, nire begietan ere ez nuela ezer ikusten ohartu nintzen, besteak bezala nindoala ni ere azken berrogei minutuetan hitzik egin gabe.