'#MetooInceste', Frantziako aldarri biral berria

'#MetooInceste', Frantziako aldarri biral berria Bi egunetan 80.000 mezu agertu dira traola horrekin Frantziako sare sozialetan; biktimek istorio lazgarriak kontatu dituzte beren kontuetatik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/metooinceste-frantziako-aldarri-biral-berria/@@download/image/1136_metooinceste_2.jpg
2021/01/21
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Bi egunetan 80.000 mezu agertu dira traola horrekin Frantziako sare sozialetan; biktimek istorio lazgarriak kontatu dituzte beren kontuetatik.
'#MetooInceste', Frantziako aldarri biral berria

Feminismoak aldarri berriari ekin dio Frantzian, oraindik tabu itzela sorrarazten duen gai ilun eta polemiko bat ilunpetatik aterata; intzestua. Gauzak horrela, 48 ordutan Twitterren 80.000 mezutik gora agertu dira #MetooInceste traolarekin; bertan, milaka emakumek haurretan jasandako sexu abusuen istorio lazgarriak publiko egin dituzte, arazo larri horri aurpegia jartzeko helburuarekin.

Frantziako emakumeek duela urtebete hasi zuten publikoki intzestuaren arazo larria salatzeko bidea; salaketa publikoa jarri zuen lehena Adele Haenel aktorea izan zen, aldizkari batean Christophe Ruggia zuzendariaren abusuak salatu zituenean; aktoreak 12 urte zituen, eta erasoa 2002an gertatu zen. Handik gutxira, Vanessa Springorak Consent liburua argitaratu zuen; bertan azaltzen duenez, Gabriel Matzbeff idazleak sexu abusuen harreman bortitzean murgildu zuen Springora, soilik 14 urte zituenean. Idazleak 50 urte zituen une horretan. Larriena? Parisko intelektualen munduak ondotxo zekiela bien arteko harremana, eta inork ez zuen ezer ere egin.

Dena den, salaketen uholdea eztanda arazi duena Camille Kouchnerren kasua izan da; ministro sozialista izandako aita baten eta ezkerreko aktibismoaren ikur izandako ama baten alaba izanik, herrialdean eskandalu handia eragin du Kouchnerren salaketa jasotzen duen liburuak, hain zuzen, bere aitaordeak anaia bikiaz abusatu baitzuen soilik 13 urte zituenean. Aitaordea Olivier Duhamel da, Frantziako intelektual ezaguna. 

Salaketa guzti horien atzean izua eragiten duten datuak aurkitzen dira. Ipsos-ek egindako ikerketaren arabera, Frantziako herritarren %10 intzestu biktima izan da, dela gizon, dela emakume. Gauzak horrela, Frantziako Gobernuak kasu guztiak ikertzeko neurriak hartuko dituela adierazi du.