Mestizajetik punk "boltxebikora"

Mestizajetik punk "boltxebikora" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mestizajetik-punk-boltxebikora/@@download/image/20101211598konpilazioa_2.jpg
2010/12/03
erreportajea
Mestizajetik punk "boltxebikora"
Ipar Euskal Herriko musikariek eta musika taldeek oihartzuna izan dezaten nahi du Lanetik Egina elkarteak. Zortzi talderen abesti bana biltzen dituen "konpilazioa" biniloa da horren erakusle.

Hendaian du egoitza Lanetik Egina elkarteak. Bi solairuko etxean, besteak beste, musika eskolak emateko aretoak dituzte eta baita grabatzeko gunea ere. Ez dute, ordea, kontzerturik antolatzeko tokirik, baina oso aparte joan gabe badute zuzeneko emanaldiak egiteko txokoa. Les Halles –merkatu zaharra–. Kontzertuak bakarrik ez. Ipar Euskal Herriko musikariak are urrunago irits daitezen nahi dute eta, horren haritik, aurten seigarrenez karrikaratu dute konpilazioa edo abestien bilduma.

Hainbat maketa entzun ostean, zortzi musikari edo talde aukeratzen dituzte eta haien abesti banarekin biniloa osatu. Biniloa ez dute salgai jartzen; komunikabideei eta, oro har, Ipar eta Hego Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako musika munduan diharduten profesionalei bidaltzen diete. Zaleek ere, dena dela, badute konpilazioa entzutea, webgunean orain arteko bilduma guztiak entzun eta jaitsi daitezke, musutruk.  Azken asteotan Miarritzeko Atabalen, eta Itsasu eta Hazparneko gaztetxeetan aritu dira aurtengo konpilaziorako aukeratutako musikariak.
Honatx bildumako partaideak:

-Baptiste Daleman:
Sarako 27 urteko surfzaleak 2007az geroztik munduko hamaika txokotara eraman du bere musika.

-Urderneed.
Bost urteko bidea egina du Eider Rosa buru duen taldeak. Iñaki machine bateria jotzailea hendaiarra da eta Pat Benatan, Pretenders eta U2rengandik edaten du.

-Kadjoo:
Mestizajetik psikodelia akustikoraino mugitzen da lehen diskoa plazaratu berri duen talde hau. Lastozko txanoak buruan, ezin dantzatu gabe egon euren emanaldietan.

-The Red Hot Niples.
Ged-ek, Yvesek eta Johnny Dubek neorockabilly taldea osatzen dute.

-Zaparrada:
Punk rocka erabiltzen du Baionan 2001ean sorturiko hirukoteak nola gizarte arazoak hala umorezko gaiak musika bihurtzeko. Iparraldeko eta Nafarroako ostatuetan eta festetan jo izan dute orain arte batik bat. Aurrerantzean, jakina, toki gehiagotan ateak irekitzea nahi dute.

-Tximak:
Beste talde batzuetan trebatu ostean elkartu dira Txohan, Anabeltx, Txarli eta Txuli. Sorkun, Zea Mays, Dover eta PJ Harvey atsegin dituzte.

-Zezenaren taldea:
Musikariok diotenez, punk boltxebikoa jotzen dute. Euskara eta Serbiako hizkuntza nahasiz eratu dute euren ereserkia, Bernadette Soubirouri, ustez ama birjina ikusi zuen Lourdesko artzainari, omenaldi xelebrea egiteko.

-The Enterprise.
Hiru urteko bidea egina dute jada musikari baionarrok.