Mendozako (Argentina) gaztetxeak bost urte bete ditu

Mendozako (Argentina) gaztetxeak bost urte bete ditu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mendozako-argentina-gaztetxeak-bost-urte-bete-ditu/@@download/image/2011105765lurraren_azpian.jpg
2012/12/13
berria
Mendozako (Argentina) gaztetxeak bost urte bete ditu
Argentinako Mendoza hiriko Denak Bat Euskal Etxeko gazte talde batek sotoko espazio txiki bat okupatu zuenean hasi zen Lurraren Azpian ametsa. Urte hauetan zehar, bertako neska-mutilek atera dute aurrera, autogestioz. Proiektuak Euskal Etxearen inguruko gazteak biltzea lortu du eta, bide batez, aldentzen hasiak ziren horiek ere bere jardueretara erakartzea.

Lurraren Azpian izeneko gaztetxea espazio txikia da, 54 metro kubiko baino ez. Hala ere, orain dela bost urte proiektu hau martxan jarri zuten neska-mutilentzat gune autogestionatuak egin duen ekarpena handia da. Izan ere, Euskal Etxearen inguruam mugitu bai baina pixkanaka aldentzen ari ziren gazteei berriz ere hurbiltzeko pizgarria eskaini die.
Javier Salvarredi gaztetxeko kideak azaldu duenez, Euskal Etxeak antolatzen zituen jarduerak dantzari, pilotari eta euskarari loturikoak izaten ziren soilik eta, horregatik, halako ekimenekin identifikatuta sentitu ez edo parte hartu nahi ez zutenek “ez zuten elkarte barruan tokirik aurkitzen”.
Hutsune hori betetzeko helburuarekin jaio zen Lurraren Azpian; beste gaztetxe asko bezala, okupaziotik. “Elkarteko taberna azpian inork erabiltzen ez zuen soto bat zegoen –dio Salvarredik–, hasieran baimena eskatu genion zuzendaritzari baina ez genuen erantzunik jaso eta baimenik gabe hasi ginen lanean, dena txukuntzen”. Euskal Etxearen baimena jaso zutenerako dena martxan zuten gaztee.
Asko eta askotarikoak dira Lurraren Azpian txokoan antolatzen dituztenak: "Nahi duguna eta nahi dugun bolumenean entzun eta kanta dezakegu; hemen eta Euskal Herrian gertatzen denari buruz hitz egin dezakegu; gau osoa dantzan ibil gaitezke edo trago bat hartu eta lo egin...” Guzti-guztia Euskal Etxeko taberna kudeatuz ateratzen duten diruarekin finantzatzen dute gainera.