Mendi Tour zinema zikloa izango da datorren astean Donostiako Antzoki Zaharrean
Mendia, abentura eta natura gaien inguruko zinema ziklo ibiltaria da Mendi Tour. Urte osoko ibilbidea osatzen du BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren azken edizioko pelikula onenekin. Hiru saio egingo dituzte, otsailaren 6etik 7ra bitarte.
Otsailaren 5ean, hiru filma izango dira ikusgai. Suitzako Let It Bärn (2023) filma emango dute, Hannes Tell-ek zuzendua. Suitzako hiriburua den Bernako kaleak eta parkeak berreskuratu nahi dituen ezkutuko eskalada mugimendu bat ezagutarazten du ikus-entzunezkoak. Japoniako Rope (2023) ere proiektatuko dute, Moe Guadarena. Kazuya Hiraidek eta Kenro Nakajimarik Pakistango Tirich Mir gailurrera egindako sei eguneko ibilbidea erakusten du. Azkenik, Italiako Roberto Zazzarak zuzendutako Carne et Ossa (2023) emango dute. Abruzzo-etako mendietan dagoen herri txiki bateko lehiaketa da ikus-entzunezkoaren gaia. Bertako biztanleak harri biziz osatutako labarretik behera oinutsik hasten dira lasterka, erreka zuloraino jaisten dira, eta herrira igotzen dira, elizan amaitzeko.

Bigarren saioa otsailaren 6an izango da, eta lau film proiektatuko dira: Leire Egañaren Oinez (2023). Etxeko parajeetan barrena egindako hiru txango ikusi ahal izango dituzte ikus-entzuleek eta, bakoitzean, egi txiki bat errebelatzen duen elkarrizketa bat. Gainerakoak hauek izango dira: AEBetako Elevated (2022), Palmer Morse-rena; Poloniako The Silent Scape (2023), Oswald Rodrigo Pereirarena; eta Frantziako La ligne de l'ange (2022), Bertrand Delapierre-rena.
Hirugarren egunean, otsailaren 7an, bi ikus-entzunezkoa proiektatuko dituzte. Bata, Mikel Sarasolaren Zerbait aldatu da (2023); Jan Larrue eta Mikel Sarasola batu egin dira Ara ibaia iturburutik jaisten saiatzeko. Han goian aurkituko dutenak liluratuta utziko ditu, baina jaitsierak hain atseginak ez diren sorpresak ere ekarriko dizkie. Bestea, berriz, Australiako The Great White Whale (2023), Michael Dillon-ena. Ozeano Austalaren sakonean, Australia eta Afrika arteko erdibidean, 2700 metroko altuera gainditzen duen sumendia eskalatzen saiatu diren bi espedizioren kontakizuna da, bizi izan zutenek kontaktua.
Hiru emanaldiak 19:00etan hasiko dira, Antzoki Zaharrean.

