Beti gazte?

Beti gazte? Paradoxikoa bada ere, adinez gora doan mendebaldar gizarteetan gazte jokabideak betikotzen dira gizarte geroz eta heldugabeago bat sortuaz, eta anekdota badirudi ere datu honek Europan populismoaren gorakada azaldu dezake. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mendebaldar-gizartea-geroz-eta-zaharragoak-geroz-eta-gazteagoa-izan-nahi/@@download/image/portada-153.jpg
2019/09/19

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Paradoxikoa bada ere, adinez gora doan mendebaldar gizarteetan gazte jokabideak betikotzen dira gizarte geroz eta heldugabeago bat sortuaz, eta anekdota badirudi ere datu honek Europan populismoaren gorakada azaldu dezake.
Beti gazte?

Gizarte postindustrialaren infantilizaziorako joeraz ohartarazten dabiltza soziologo, antropologo eta psikologoak. Etengabe bataz-besteko adina gora badoa ere, nerabezaroko trazuak mantentzen dira subjektu helduengan. Gaztetasuna kultuzko ikur bihurtu da. Arazoa ez da itxuraz pertsonek gazte eman nahi izatea, baizik eta askok beren heldugabetasun mentala harrotasunez aldarrikatzea. Egun badirudi, gazteak helduen jokabideak imitatu baino, alderantziz gertatzen dela eta helduak direla gazteen jokabideak kopiatzen saiatzen direnak. Adinak eskaintzen duen esperientzia eta jakituria jada ez dira bertuteak.

Nerabezaroa beraz, adin oso helduetaraino zabaltzen da, gizarte geroz eta heldugabeagoa sortuz. Subjektuek inoiz baino gauza gehiago exijitzen diote bizitzari, nahiz eta inguruan dutena geroz eta gutxiago ulertu. Pentsamendu eta hausnarketaren kultura desagertzen doa, bulkadek ordezkatu dute, berehalako asetzea bilatuz momentu oro.

Diskurtso politikoak sinplifikatu egin dira, eta badirudi leloetara mugatzen direla. Hautesle heldu bati dagokion konplexutasuna galdu da mezuetan. Mundu ikuspegi nerabeak ez die politikoei ideiarik eskatzen, ezta gaitasunik ere. Horren ordez, edertasuna, erakargarritasuna, esaldi dibertigarriak eta hauteslearekin konektatzen duen irudia exijitzen zaizkio.

Eskubide edo pribilegioak eginbeharren gainetik
Kexatzeko joera handiagoa dago, egoerei aurre egitekoa baino, eta irudia meritua eta esfortzuari nagusitzen zaio. Joera hau komunikabideetan ere nabaritzen da: prentsarik serioenak ere txutxu-mutxurik absurdoenak zabaltzen ditu. Informazioa baino entretenimendua bilatzen da.

Gizartearen joera honek beldur asmatu, zein esajeratuak zabaltzen ditu errealitatea distortsionatuz. Ikararen gizartea sortzen ari gara, inoiz baino joera kontserbadoreagoekin. Aldaketak arriskutsutzat hautematen dira.

Gizarte geroz eta beldurtiagoan bizi gara, bere itzalarekin ere izutzen dena, jan edo edaten duenaz beldurtzen dena, albisteak irakurtzean panikoa sortzen zaiona... eta honetaz profitatzen da haziz eta haziz doan populismoa. Ez zaio joera honi amaierarik atzematen, noiz arte?