Mediterraneoa, beti gazte

Mediterraneoa, beti gazte https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mediterraneoa-beti-gazte/@@download/image/63p32-2_1365628692.jpg
2006/05/05
erreportajea
Lucía Álvarez
Mediterraneoa beti da toki egokia atseden hartzeko (eta zeresanik ez, baita parrandarako eta jendea ezagutzeko ere). Hona hemen, labur labur, azken urteotan, mundu osoko gazte askoren topaleku bihurtu diren bi helmuga: Costa Daurada Katalunian, eta Costa del Sol Andaluzian. Oporrak aldez aurretik ondo antolatuz gero, patrikako zuloa ez da hain handia izango.

Costa Daurada
Kataluniako kostan oso ezagunak dira Cambrils, Salou… Dudarik gabe, euskaldun gazte askoren topalekua da kostalde hori. Parranda egiteko leku ezin hobea da, eta hondartzetan bertan (Levant, Poinent, Cala dels Crancs eta Reguerot de Claveguer dira bisita merezi duten hondartzetako batzuk), giro polita eta gazte jendea ezagutzeko aukera izaten da. Saloura joan ezkero, ez itzuli Kalea taberna ezagutu gabe. Euskal herritar batzuek sortutako taberna da, eta euskal musika entzuteko aukera izango duzu, Euskal Herritik urrun. Saloutik gertu daude Port Aventura eta Costa Caribe, eta baita bestelako Aquapark-ak ere. Egunen batean plan bereziren bat egin nahi izan ezkero, inguruko herri guztietatik ateratzen dira autobus urbanoak horrelako parkeetara. Costa Dauradako informazio zehatza nahi baduzu, egin sartu-irtena Interneten. Hamaika web orri topatuko dituzu.

Costa del Sol

161 kilometroko kostalde zoragarria da. Malagako kostaldea hondartzen paradisua da, eta onerako edo txarrerako, ia leku guztiak oso turistikoak dira. Azken urteotan euskaldun gazte asko joan ohi dira Malaga eta Cadiz aldera. Izan ere, oso parranda giro ona egon ohi da, han gaueko bizitza egiten baita gehienbat. Egunez lo egin; arratsaldean, bero gutxiago egiten duenean, hondartzara etzanda egotera edo futbol partida bat jokatzera joan; eta gauez, parranda! Gazte askok Tarifa inguruko kanpinetara jotzen dute: zeru garbiarekin, Marokoko kosta ikus daiteke urrunean. Araka ezazu interneten, eta hamaika web orrialde aterako zaizkizu.

Nola joan?

Hego Euskal Herritik abiatuz gero, autobusez, erraz joan daiteke Iberiar Penintsula hegoaldeko kostaldera. Konpainia askok gaueko bidaiak eskaintzen dituzte, eta horietan, errazago lo egin, eta bidaia laburrago egingo zaizu. Goiz partera iritsiko zara helmugara, eta campingean edo apartamentuan sartzeko ordu egokian.

Trena ere oso erosoa da horrelako bidaietarako (www.renfe.es). Gauez bidaiatu ezkero, trena autobusa baino erosoagoa izan daiteke (errepidetako auto-ilararik ez da izaten, behintzat!). Literadun trenetan, behar duen bezala lo egin daiteke (etzanda, alegia); baina eserita joan ezkero pittin bat merkeago aterako zaizu bidaia. Dena den, bai trenak bai autobusak ere, hiriburura eramango zaitu normalean; beraz, inguruko beste herriren batera joan nahi baduzu, lekuaren arabera, autobusa edo trena hartu beharko duzu berriro. Edo auto-stopa egin, zergatik ez?

Noski: autoa da Mediterraneo aldera joateko beste garraiobidea. Baina zer esango dizuegu autoaz, zuek ez dakizuenik? Bada, erne ibili beharra dagoela, eta lagun batek baino gehiagok gidatzeko karneta edukiz gero, bolantean txandakatzea komeni izaten dela. Eta geldialdi gehiago egin daitezkeela, eta…

Non lo egin?

Normalean, campinga da aukera merkeena. Ahal izanez gero, hobe da erreserba aldez aurretik egitea, lekua gordetzeko. Erreserba hori egiteko diru pixka bat aurreratu beharko duzue; baina hala ere, ez zaitezte horrekin sobera kezkatu: azken orduan camping-era heldu eta orduan lekua hartuta, garestiago ateratzen da. 

5 lagun joan ezkero denda handi batekin, bakoitzak 4-6 € gastatu beharko ditu eguneko, gutxi gorabehera. Camping bat edo beste aukeratzerako orduan, kontuan izan non dagoen; eta autobus edo tren geltokitik gertu ote dagoen.

Non arakatu? 

Internet izango da zuen aliaturik onena. Iberiar Penintsulako camping guztien datu baseak topa daitezke interneten, eta horietan, camping-en informazio guztia lor daiteke: prezioa, kokalekua, zerbitzuak… Bisitatu: www.vayacamping.net
Campingak atsegin ez badituzue, eta lagun taldean joatekoak bazarete, apartamentu txiki bat aloka dezakezue. Edozer begiratzen hasi baino lehen, hitz egin inguruko jendearekin. Uste baino gehiagotan, gure ezagunen batek, gure izeba-osabaren batek… apartamenturen bat du horrelako lekuetan. Debalde utziz gero, pagotxa ederra!

Pagotxarik ez badago, jo agentzia batera eta hasi berriro internet arakatzen. Izan ere, gaur egun jende asko internetez baliatzen da bere etxea alokagai dagoela jakinarazteko (sareak iraultza ekarri du horretan ere).