Max Aub: Garai galdu baten lekuko

Max Aub: Garai galdu baten lekuko https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
1903an jaio zen Max Aub Parisen. Aita alemaniarra zuen, eta ama frantsesa. 1914an Valentziara joan ziren bizitzera. Aub liluraturik geratu zen deskubritu berri zuen lurraldearekin. Ikasketak amaitu ondoren, saltzaile ibili zen hiri batetik bestera. Hona-hara ibiltze hark garaiko kultur mugimenduarekin nahiz abangoardiekin harremanean jartzeko aukera eman zion. Kontaktu haren fruitu dugu lehen lana, "Geografia" (1929), poesia eta saiakeraren arteko nahasketa.  Primo de Riveraren diktaduraren lekuko, hurbiletik ezagutu zituen diktadura ondoko urte gorabeheratsuak, ilusiotik etsipenerako jauzia: II. Errepublika eta Gerra Zibila. Tertulien garaia zen hura. Hizketaldi beroena. Korronteena. Borbor zegoen dena. Gerora etorri ziren altxamendua, fronteak, batailak, ihesak… Honen guztiaren berri ematen digu Aubek bere obran. Deserrotzearen tragedia da berea; izan zitekeenaren —Errepublika— eta izan zenaren —diktadura— artekoa.   
Besteak beste, León Felipe, Juan Larrea eta Antonio Machado izan zituen lagun; 27ko belaunaldiko hainbat poeta, Joan Miró margolaria eta André Malraux idazle eta politikari frantziarra, zeinarekin "Sierra de Teruel" filma errodatu baitzuen gerra garaian.  
1939an, Frantziara erbesteratutakoan, preso hartu zuten. Hiru urte pasatu zituen kontzentrazio esparru batean. Handik, Mexikora ihes egin zuen. Lur hartan sustraitu zen hurrena. 1972an hil arte. Bertan idatzi zituen bere lanak. Oroi-minetik. Lekukotzaren etikatik.
Genero ugari landu zuen: poesia, antzerkia ("Dramática San Juan" edota "Morir por cerrar los ojos"), egutegiak (horien artean, 1969an Espainiara egin zuen bidaia laburraren kontakizun "La gallina ciega" ezkorra) eta narratiba. Ipuinak eta, batik bat, eleberriak. Horien artean aipagarrienak "La calle de Valverde"(1968), Primo de Riveraren diktadurapean girotua, eta sei eleberriz osatutako "Laberinto Mágico" zikloa. Ziklo hau da lanik biribilena. Gerra Zibilean oinarritua, urte garrantzitsu haien lekukotza ematen digu: anarkistak, errepublikarrak, sozialistak, laborariak, politikariak, gudariak, antzezleak, artistak, kazetariak, langileak, grebak… Gizakiak, azken batean.