MAUMAUSSE ***

Hau buruhaustea! Non kokatu behar dugu DjMau-ren lan hau? Non sailkatu behar dugu eta zergatik? DjMaukoek frantsesez, gazteleraz, euskaraz eta ingelesez kantatzen dute, eta hizkuntza batetik bestera bezain erraz mugitzen dira estiloz estilo. Disko honetako abestiak ez dira enbor bakarrekoak, eta zerikusi gutxi dute elkarrekin: rapeatutako Me guste o no, Bad & Bloody day pop-rockeroa, edo Gauerdian, ilun eta garden abesti grabea adibidez. Eta hori, diskoko zati instrumental ugariak ahaztu gabe, noski. Gauza bakar batek lotzen ditu kanta guztiak: denak originalak direla, irudimentsuak.