Matriuxkaren filosofia

Matriuxkaren filosofia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/matriuxkaren-filosofia/@@download/image/20101153692madd_1361961363.jpg
2010/09/03
erreportajea
Maddalen Arzallus
Matriuxkaren filosofia


Uste dut badakidala zergatik esaten dituzten haur txikiek horrenbeste gezur. Ikusten eta entzuten dutena errepikatzen dute haurrek eta nola helduek gauza asko ezkutatzen dizkieten, beraiek ere gezurrak kontatzen dituzte. Adibide garbiena Olentzerorena da; inoiz izan den gezurrik unibertsalena, guztiok xinixtu eta esan izan duguna.

Baina gezurra ez zaie umeei bakarrik esaten. Behin ikastolatik pasatu eta kolegiora iristen garenenean beste gezur unibertsal bat erakusten digute, oraindik aztertzeko dagoen horietako bat. Guztiok dakigu zein izan zen Shakespeare idazle britainiar handia. Handia da bai, handietan handiena sartu zigun ziria ere.

"Izan ala ez izan" zioen bere obra ezagun batean. Nik neuk ere irakurri nuen Hamlet eskolan aginduta eta esaldi horren zai igaro nuen irakurketa osoa, arrazoirik ba ote zeukan edo ez jakin nahian. Iritxi nintzen azkenean horrenbeste desiatutako pasartera eta orduztik ezin dut burutik kendu. Oraindik ezin dut ulertu nolatan izan liteken horren ezaguna halako gezurra bota zuen idazlea.

Nik ez dut uste inor denik edo ez denik, berak esan zuen bezala. Hori hala izango balitz hiztegietan ez litzateke damuaren definiziorik egongo. Gizakia aldatu egiten da heldutzen (edo umetzen) joan ahala, eta baita egoera ezberdinen aurrean ere. Lotsatiak, ausartak, beldurtiak, bihozberak... gara eta ez gara. Asko larunbat gauetan eraldatzen dira, edo astelehen goizetan, ikuspuntuaren arabera.

Nik Matriuxkaren flosofiarekin egiten diot aurka idazleari. Errusiako panpinatxoek esanahi asko eduki ditzaketen arren, nik begira begira jarri eta pertsona bakarra ikusten dut bertan, aurpegi askoko pertsona bakar bat. Momentuaren arabera handiagoa edo txikiagoa da gizakia, detaile askokoa edo ia ia kolore gabea. Izate horiek guztiak norbere barruan dauzkagu gordeta baina noski, kanpokoari bakarrik begiratzen badiogu ez dugu pertsona bat ondo ezagutuko. Horregatik iruditzen zait kontuz ibili behar dela inor ezer den edo ez den esaterakoan. Lehendabizi arima askatzen utzi behar zaio, Matriuxka bat biluzten den bezala.