Match Point *****

Match Point ***** https://www.gaztezulo.eus/albisteak/match-point/@@download/image/57p54-5.jpg
2005/11/04
kritika
Testua: Iñaki Lazkano
Aktoreak: Zuzendaria: Woody Allen. Aktoreak: Jonathan Rhys Meyers, Scarlett Johansson, Emily Mortimer, Brian Cox, Matthew Goode. Generoa: drama. Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2005. Iraupena: 123 minutu.
57.zenbakia
Chris Wilton tenislari ohi gaztea aparra bezain azkar murgildu da Londresko burgesiaren munduan. Familia aberats bateko emakume erakargarri batekin ezkondu den arren, emaztearen anaiaren neska-laguna du maite. Zinema izar izatearekin amets egiten duen neskatila ederra da Nola, eta txora-txora eginda dauka mutila. Emaztearen familia aberatsaren magalean pozik bizi da Chris. Ez du emaztea maite, baina Nola sentsualak ematen dio falta zaion guztia. Baina, bat-batean, aukera egin beharko du Chrisek. Maitasunik gabeko bizitza oparoaren eta maitasunezko bizimodu txiroaren artean, hain justu. Ataka estu horretan dela, mundu guztia ahoa bete hortz utziko duen ekintza lazgarria egingo du tenislari handinahiak. 80ko hamarkadako bere film serioenen tonua berreskuratuta, dotoreziaz uztartzen ditu Woody Alllenek drama, thriller beltza eta erromantizismoa; Dostoievskiri keinu eginez kontatuz istorioa. Azken urteotan Manhattango jenioak errodatu duen pelikularik onena da Match Point, zalantza zipitzik gabe. Aparta da filma. Maisulan benetakoa.