Masturbatzearen tabuak uxatuz

Masturbatzearen tabuak uxatuz Emakumeen %88 eta gizonezkoen %96 masturbatzen da. Ekintza honek onura ugari dakartza, gogo aldartea hobetzen baitu edota mina gutxitzen laguntzen baitu beste gauza askoren artean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/masturbatzearen-tabuak-uxatuz/@@download/image/touchingmetouchingyou.jpg
2019/10/21

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Emakumeen %88 eta gizonezkoen %96 masturbatzen da. Ekintza honek onura ugari dakartza, gogo aldartea hobetzen baitu edota mina gutxitzen laguntzen baitu beste gauza askoren artean.
Masturbatzearen tabuak uxatuz

Gizon zein emakumeak masturbatzen dira, errealitate bat da hori. Hala eta guztiz ere, gizonezkoek beti eduki dute erraztasun gehiago publikoan gaiaz hitz egiteko emakumeen aldean. Sozialki, emakumezkoak masturbatzea gaizki ikusi egon da, eta horregatik asko ez dira bere lagunen aurrean aitortzera ausartzen. Haatik, garaiak aldatzen ari dira eta emakumezkoek begi bistakoa zena baieztatzen dute: beraiek ere masturbatzen dira. Baina zenbat? Zer maiztasunekin? Zein ematen da plazer gehiago bere buruari, gizonezkoa ala emakumezkoa?

Osasun sexualean espezializatutako atari britainiar batek burututako ikerketa baten arabera emakumeen %88 masturbatzen da eta gizonezkoen %96. Galdetegia 1.000 pertsona ingururi pasa zitzaion, gizon zein emakumeri eta Europa zein Estatu Batuetako pertsona ezberdinei. Emaitzak nahiko deigarriak dira. Gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna nahikotxo gutxitu dela dirudi emaitzak erreparatzen baditugu. Dirudienez, emakumeek jada ez dute beldurrik masturbatzen direla esateko.

Bien arteko ezberdintasun handiena maiztasunean dago. Emakumezkoek dirudienez astean bataz beste bi aldiz masturbatzen dira, gizonezkoek kopuru hori bikoizten dute astean 4-7 aldiz masturbatuz. Gainera emakumezkoek azkarrago amaitzen dute. Horrela urtean emakumezkoek 27 ordu eskaintzen dizkiote masturbazioari eta gizonezkoek aldiz, 46 ordu.

Ikerketaren arabera emakumezkoak gizonezkoak baino beranduago hasten dira masturbatzen, euren bulkada sexualak desberdinak direlako. Erabiltzen diren teknikak ere ezberdinak dira bi generoen artean, eta baita erabiltzen den material bisuala ere. Emakumezkoek jostailu sexualak erabiltzearen aldekoagoak dira fantasia sexualekin konbinatuz, gizonezkoek berriz, eskuekin nahikoa dute eta pornografia erabiltzen duten kitzikapena eskuratzeko.

Masturbatzearen onurak
Jarduera sexual osasungarri honi duen esanahi peioratibo edo negatibo guztia kentzea aholkatzen dute adituek. Masturbazioa gure gorputza, gure genitalak eta estimuluen aurrean gure erreakzioak ezagutzeko modu bat da. Erruduntasun edo lotsa sentimenduak gizartetik ikasitako balore sozial eta kulturalak dira, ekintzak berak ez baitu inongo kalterik eragiten; are gehiago, onura ugari dakartza:

Prostatako minbizia edukitzeko arriskua gutxitzen du: 2004. urteko ikerketa batek frogatu zuen hilabetean 21 aldiz edo gehiago eiakulatzen zuten gizonezkoek prostatako minbizia edukitzeko aukerak %33 jaisten zituztela beste gizonezkoekin alderatuz.

Pelbiseko muskuluak trebatzen dira, tentekortasun arazoak eta inkontinentzia prebenitzen ditu: Modu erregularrean masturbazioa burutuz gero, pelbiseko muskuluak indartuko dira, zakila tentetzeko arazoak prebenituko dira eta baita inkontinentzia ere.

Sexuak gehiago iraun dezan laguntzen du: Zita sexual baten aurretik masturbatzeak kontrol gehiago ematen du norbere gorputzarekiko gizonen kasuan.

Sistema immunologikoa indartzen du: Masturbatzeak kortisol mailak igotzen ditu. Hormona honek sistema immunologikoak erregulatzen eta mantentzen laguntzen du.

Gogo aldartea hobetzen du: Masturbatzeak ongi sentiarazten gaituzten hamaika substantzia neurokimiko askatzen ditu, horien artean dopamina eta oxitozina. Neurotransmisore hauek asebetetzea indartzen dute eta garuneko sarien zirkuitua aktibatu.

Hileroko mina arintzen du: Emakume batzuentzat hilerokoaren mina jasangaitza izan ohi da. Askotan horri aurre egiteko piluletara jotzen da, baina onanismoa izan daiteke irtenbiderik onena. Masturbazioak hilerokoaren efektuak prebenitzen laguntzen du eta gertatzen den hantura gutxitzen du.