Maskotekin bizitzeak garuna babesten al du?

Maskotekin bizitzeak garuna babesten al du? Gizakion eta animalien arteko harremana historiaurrera luzatzen da. Ebidentzia arkeologikoek diotenez orain dela 14.000 urtekoak dira lehen otso etxekotuak, txakurren arbasoak. Pentsa dezakegu praktikotasun kontua zela, erabilgarriak baitziren ehizarako edota defentsarako, baina ez ziren horretara mugatzen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maskotekin-bizitzeak-garuna-babesten-al-du/@@download/image/somos-adoptados-mascotas.png
2020/02/19

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Gizakion eta animalien arteko harremana historiaurrera luzatzen da. Ebidentzia arkeologikoek diotenez orain dela 14.000 urtekoak dira lehen otso etxekotuak, txakurren arbasoak. Pentsa dezakegu praktikotasun kontua zela, erabilgarriak baitziren ehizarako edota defentsarako, baina ez ziren horretara mugatzen.
Maskotekin bizitzeak garuna babesten al du?

Lotura emozional bat ere bazegoen Alemanian aurkitutako hilobi batzuk erakutsi dutenez. Hilobi horretan emakume eta gizon batzuen eskeletoez gain bi txakurrenak ere bazeuden. Txakurretako bat oso zaharra zen eta argi dago biziraun bazuen gizakien zaintzagatik izan zela, ez baitzen jada “erabilgarria”.

Eskizofreniari aurre egiteko maskotak?
Ikerketek frogatu dutenez, bai maskotentzat eta bai gizakiontzat onuragarria da elkarren konpainia. Lotura hori lehen aldiz Leo K. Bustad albaitariak ikertu zuen eta ikusi sendatzeko ahalmena ere bazuela gizakiak animaliekin zuen harremanak.

Oraintsu argitaratu den ikerketa bat ere hau baieztatzera dator. Izan ere, maskota bizikide izateak eskizofrenia bezalako garun gaixotasunen aurrean lagundu dezake. Dirudienez nahaste psikiatriko larriak haurraren lehen urtetan garatzen den sistema immunologikoarekin zerikusia dute. Horrela, haurrak garenean txakurrekin kontaktua badugu sistema immunologiko indartsuago bat garatzen dugu eta prebentzio moduan jokatzen du. Halere, ikerketa honek txakurrekin frogatu ahal izan du ideia hori, katuekin lotura ez da horren garbia nahiz eta hauek ere gure sistema immunologikoan eragina duten, baina ez horrenbeste garunean.

Oxitozina, espezieen arteko maitasunaren hormona
Txakurrekin egiten den terapiak frogatu du animalia hauek eraginkorrak direla depresioaren tratamenduan. Badirudi, pertsona-txakur harreman hauetan oxitozinak rol erabakigarria jokatzen duela. Ez bakarrik gizakiongan, baita txakurrengan ere, eta harremana zenbat eta estuagoa izan, onurak are hobeak izango dira.

Beste aurkikuntza baten arabera, maskoten jabeen estresa epe luzera animalietara zabaltzen omen da. Biei kortisol mailak sinkronizatzen zaizkie, estresaren hormona delakoa hain zuzen. Bestalde, aipatzen da animalia eta gizakiaren arteko onurak lotuta daudela bien arteko harremanaren kalitatearekin eta harreman hau sakontzeko burutzen diren partekatutako jarduerekin. Izan ere, txakur edo katu bat ez da osagarri soil bat, beste bizidun batekin bizitza partekatzeko prest egon behar dugu modu zintzo batean, beraiek egingo luketen moduan.