Maskotaren Jaia egingo dute igandean Gasteizen
Maskota Eguna ekimena haurren talde batek aurkeztu zuen Aktiba(TU) haurren partaidetzarako foroetan, eta han bertan sortu zen Erosi beharrean, adopta ezazu! kanpaina ere, maskoten adopzioa bultzatzeko, berarekin darkartzan erantzukizun eta betebeharrak nabarmenduz. "Urtero, 300 animalia baino gehiago iristen dira Animalien Babeserako Zentrora eta adoptatzea animalia horiei bigarren aukera bat ematen dien erabakia da. Hori bai, beti izan behar du adopzio arduratsua eta argi izan behar dira horren ondorioz norberak bere gain hartzen dituen erantzukizun eta betebeharrak”, azaldu du Iñaki Gurtubai alkateordeak.
Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, Animalien Babeserako Zentroak abandonatutako 108 txakur eta 161 katu jaso ditu. Haietatik, 94 txakur eta 114 katu adoptatu dituzte. Urtero, animalia batzuek ez dute bizitokirik topatzen eta Animalien Babeserako Zentroan geratzen dira bizitzen. "Ondorioz, adopzioa ezinbestekoa da haiek ere bigarren aukera bat izan dezaten", adierazi dute.
Maskotaren Eguneko Jaia goizeko hamarretan hasiko da Ibaiondo gizarte-etxearen kanpoaldean, eta eguerdiko ordu biak arte iraungo du. Usaimena lantzeko lantegia eta erakustaldia, maskotarekin argazkia egitea, eta lantegiak egingo dituzte besteak beste. Adopzioaren txokoa egongo da eta txakurra nola zaindu jakiteko eta albaitariekin zalantzak argitzeko aukera ere izango da.

