Maskara atzean

Maskara atzean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maskara-atzean/@@download/image/93p31venezia.jpg
2009/02/06
erreportajea
TESTUA: Patxi Uranga ARGAZKIAK: Hibai Agorria
Maskara atzean
Venezia: Mundu osoko maiteminduen gotorleku eta Europako inauterien hiriburu. Mozorro garaia datorrenez, Hibai Agorria argazkilariaren gonbitea onartu eta bertara jo dugu. Maskara jantzi eta zatoz gurekin, amore!

Veneziak kokagune bitxia du, edozein arkitekto erotzeko modukoa: aintzira modukoa osatzen duten 118 irlatxo ditu azpian, Po eta Piave ibaiek Adriatiko itsasoarekin bat egiten duten eremuan. Irla horiek ubidez inguratuta daude, eta bata bestearekin elkartu behar izateak zubien hiria bihurtu du. Guztira, 400 zubi ditu Veneziak! Eta, hala ere, sarritan, ez dira nahikoa izaten; udaberrian eta udazkenean, marea biziek kaleak urpean hartzen dituztenean, batez ere.

Pertsonaia famatuak

Hiri batez aritzerakoan egin ohi den legez, bertako seme-alaba ilustreak aipatu beharko. Marco Polo (1254-1324) merkatari eta bidaiaria eta Antonio Vivaldi konpositorea (1678-1741) dira, historiari dagokionez, ezagunenak. Gaur egungo pertsonaia famatuei dagokionean, pare bat behintzat aipatu beharrean gaude: Valentino Rossi motor gidaria, bata. Terence Hill aktorea, bestea, Bud Spencer-ekin batera, hainbeste irri eragin zituen spagghetti western generoko izarra.

Europako Inauterien hiriburu

Sarreran aipatu bezala, Veneziak eta Inauteriak lotura estua daukate. Bata bestea gabe ezin bizi. Tradizio handiko jaiak dira, benetan: garai batean  jauntxoak morroiz mozorrotzen ziren, eta morroiak jauntxoz, eta horrela, egun batez, paperak trukatzen zituzten. Veneziarrek batez ere egunez bizi dute inauteria: goizean bueltatxo bat ematen dute hirian barrena, mozorroak erakutsiz. Ibilbidea San Markos plazan bukatzen dute, turistei espektakulu ikusgarria eskainiz.

Eta kanpotarrek, ba al dute jai giroan murgiltzerik? Zer dio erreportaje honetako irudiak bidali dizkigun Hibai Agorria argazkilariak? Hauxe bere erantzuna: "Veneziakoa ez da batere jai lokala, guztiz kontrakoa. Plaza guztietan izaten da zerbait, giro desberdina bakoitzean. Hori da gehien gustatu zitzaidana.

Euskaldunok festa asko dauzkagu, eta ez litzaiguke asko kostako han moldatzea. Hori bai, behin gaua eginda, askok festa pribatuetara jotzen dute, eta horietara sartzeko, gonbidapena behar duzu".

Gida on batek egingo lukeen moduan, gure argazkilariak gomendio bakarra emango lioke Veneziara joatekotan den irakurleari, "kaleetan barrena galtzea, besterik gabe". Horixe egin zuen Hibaik: sudur gorri bat ipini, eta bi egun eman zituen plazarik plaza; jantzi ikusgarri asko ikusi arren, ez baita beharrezkoa sekulako dirutza xahutzea Venezian eroso sentitzeko: "festa pribatu batera sartzen saiatu ginen, baina gonbidapenik gabe ez ziguten utzi. Dena den, nahikoa festa izaten da kalean. Venezian ikasle asko dabil, eta inguruko hirietatik hurbiltzen den jendearekin eta turistekin, giro izugarria sortzen da".