Martxoaren 9tik 16ra, Lekuek Festibala Gernikan

Martxoaren 9tik 16ra, Lekuek Festibala Gernikan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxoaren-9tik-16ra-lekuek-festibala-gernikan/@@download/image/lekuek_1392368789.jpg
2014/02/14
berria
Musikari eta musikazaleek antolatutako jaialdi eragilea sortu da Gernikan, Lekuek Festibala. Zuzeneko 25 emanaldi baino gehiago, mahai-inguruak, topaketak, dokumental proiekzioak eta beste hainbat jarduera barneratuko ditu martxoaren 9tik 16ra bitarteko egitarauak.


Azken urteetan sormen, elkarlan eta hausnarketarako hainbat gune sortu dira Gernikan, eta horiei forma emateko asmoz, elkarrekin biltzen hasi ziren Trinkete-Anti txokoa, Iparragirre Rock elkartea, Fiakun musika elektronika ekoiztetxea eta Astra Kulturarako Fabrika Sozialeko kideak. Pixkanaka, azpiegiturak eta aukerak baloratu eta komunean zutena, musika alegia, protagonista izango zuen ekimena gauzatzea otu zitzaien. Hala, Juan Kaltzada kaleko tabernak, Kultur Etxea, Ibilaldia, Kafea eta galletak… eta beste hainbat eragile publiko naiz pribatu batu zitzaizkien, Lekuek izena hartuko zuen festibalean lan egiteko.

Kolektibo bakoitzak gustuko musika taldeak ekarriko zituela ebatzi zuten, eta hainbat espazio baliatuko zituztela emanaldietarako. Data finkatzea izan zen hurrengo urratsa: martxoaren 9tik 15era. Eta egitaraua osatu zuten ondoren.

Uneotan konfirmatuta daude Marlango, Ruper Ordorika, Naica, Sarkor, Porco Bravo, Mursego, Atom Rhumba, Napoka Iria, Esne Beltza, Gari, El_Txef_A, Audience, Las Tea Party, Fiakun Team, Hyde Abbey eta Thirteen Bled Promises, besteak beste. Baina emanaldiez gain, musikaren inguruko Charles Waltersen Desfile de Pacua eta Alan Parkeren The Wall dokumentalak proiektatuko dituzte Zine-Klub aretoan, Juan Kaltzadaren kontzertuetako argazkien erakusketa izango da ikusgai hainbat tabernetan, eta mahai-inguru, topaketa, ikastaro, hitzaldi eta tailerrak egingo dituzte areto ezberdinetan.

20 euroko bonoa
Emanaldi guztietara joan ahal izateko, 20 euroko bonoa jarri dute salgai antolatzaileek. Dena den, aretoek aforo mugatua dutela kontuan hartuz, gerta liteke bonoa izan arren lekurik ez edukitzea; horregatik, kontzertua baino ordu bete lehenago leihatilatik pasa ahalko dute bonodunek sarrera ezertxo ere ordaindu gabe jasotzera.

Bonoaz gain, emanaldi bakoitzerako sarrerak erosteko aukera ere izango da, noski!