Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxoaren-8a-emakumeen-nazioarteko-eguna/@@download/image/mortxoak_8_1362735975.jpg
2013/03/08
berria
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna
1975az geroztik, Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna aldarrikatzeko eta arlo honetan oraindik egiteko dugun lan handia azpimarratzeko baliatzen dute data mundu osoko gizon-emakumeek, eta gurean ere hainbat kontzentrazio eta manifestaldi deitu dituzte hiri eta herrietan.


Euskal Herriko Mundu Martxako Plataformatik hasita, elkarretaratzea egingo dute goizeko 12:30ean Gasteizko Parlamenturen atarian. ‘Lana soberan enplegu duina faltan’ lemapean, enpleguaren inguruko eztabaida monografikoa izango dute hizpide.

Emakundek, bere aldetik, ‘= + Berdin gehiago da’ leloa baliatu du aurtengo kanpainaren baitan berdintasunaren balio soziala azpimarratzeko. Gizon eta andrazkoen arteko aldeak dakartzan ondorio sozial eta ekonomiko latzak, besteren artean, mahai gainean jarri eta parekidetasunaren onurak nabarmendu nahi izan dituzte, errespetuan, jakintzan, ongizatean eta demokrazian oinarrituz.

Halaber, Euskal Herriko Koordinadora Feministak manifestaldiak deitu ditu Euskal Herriko hiriburuetan. Borroka feministak aurrera darraiela aldarrikatzeko eta krisiaren aitzakian emakumeen eskubideak murriztu egin direla salatzeko, ‘Gora borroka femista’ lelopean zeharkatuko dituzte kaleak. Gainera, beste hainbat herritan ere manifestaldiak antolatu dituzte.