Martxoaren 24an, 18.Korrikaren azken egunean Baionan, osatu Gazteon Kilometroa GAZTEZULOrekin

Martxoaren 24an, 18.Korrikaren azken egunean Baionan, osatu Gazteon Kilometroa GAZTEZULOrekin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxoaren-24an-18korrikaren-azken-egunean-baionan-osatu-gazteon-kilometroa-gaztezulorekin/@@download/image/pantalla1_1363683312.jpg
2013/03/22
berria
Martxoaren 24an, 18.Korrikaren azken egunean Baionan, osatu Gazteon Kilometroa GAZTEZULOrekin
Goizeko 11:00etan elkartuko gara hiriburuko San Andres plazan, gazte gunea izango den horretan hain justu. Euski elektrotxarangarekin dantzan itxarongo dugu eguerdi aldera lekukoa hartu eta tipi-tapa gure kilometroa osatu arte. 11:00etan heltzen diren lehenengo 150 lagunek ‘Gazteok Korrika!’ dioen kamiseta jasoko dute opari.


Andoandik abiatu zen 18. Korrika martxoaren 14an, eta dagoeneko euskal lurraldearen zati handi bat zeharkatu du herriz herri. AEK-k bi urtean behin antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa handiak Baiona izango du azken helmuga aurten, martxoaren 24an eta eguerdiko 12:30ak aldera iritsiko baita Herriko Etxe aurrera. Lehenago, baina, hirian barrena egingo du bira eta, tartean, gaztezulotarrok ere egingo dugu gure ekarpena, gure kilometroa.

Hortaz, bakoitzak bere herri edo auzoan arrastoa uzteaz gain, datorren martxoaren 24an Euskal Herriko bazter guztietatik Baionara hurbilduko zareten gazteei luzatu nahi dizuegu Gazteon Kilometroan parte hartzeko deia. Eta, zer da Gazteon Kilometroa? Ba, denok batera, guk ere, gazteok, euskaraz bizi nahi dugula oihukatu eta aldarrikatzeko aukera paregabea.

Goizeko 11:00etan jarriko dugu hitzordua Baionako San Andres plazan, egun osoan zehar Gazte Gunea izango den horretan. Eta puntual agertzea komeni da, hurbiltzen diren aurreneko 150 lagunek ‘Gazteok Korrika!’ dioen kamiseta jasoko baitute opari. Korrika 12:00ak aldera helduko da guganaino, Euski elektrotxarangaren doinuak dantzatuz itxarongo dugu! Iristen denean, lekukoa hartu eta gure kilometroa osatuko dugu gazteok elkarrekin, eta animatzen denak bukatu dezala ibilbide osoa, lau kilometro besterik ez baitira faltako Herriko Etxe pareko helmugarako.





Baionan bestak ez du etenik izanen eta, mezuaren irakurketaren ondotik, 14:00ak aldera hasiko dira kontzertuak GAZTEZULOk babestutako Gazte Gunean, San Andres plazan, hain zuzen. Esne Beltza –aurtengo abestia sortu dute–, Willis Drummond, Itziarren Semeak, Kalakan eta Danba igoko dira oholtza gainera. Galdu behar duzu?! Gogoratu: martxoaren 24an, goizeko 11:00etan, Baionako San Andres plazan, gazteok korrika!