Martxan da Lopategiren omenezko bertsolari gazteen sariketa
Gernikako Lilibertso bertso-eskolak bertsolari gazteen sariketa sortu du duela hiru urte zendu zen Jon Lopategiren omenez. Antolatzaileek azaldu dutenez, Lopategi "gure eskualdean bertsolari gisa eredu nabarmena izateaz gain, Euskal Herriko bertsolaritzaren transmisioan zutarri garrantzitsu bat izan zen”. Lopategik egindako ekarpena nabarmendu nahi izan dute, bereziki gazteekin egindako lana: "Eskoletan bertso zaletasuna elikatu eta sariketa zein txapelketetara eramaten zituen bertsolari gazteak". Hain zuzen ere, Argi Baltza Sariketa 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzendua dago.
Sariketa ekainaren 6an hasi zuten Muxikan eta sei bertsolari aritu ziren kantuan. Asier Galarzak irabazi zuen lehen kanporaketa eta Asier Alcedo izan zen hurrena sailkapenean. Bigarren kanporaketa atzo jokatu zen Gautegiz-Arteagan eta Imanol Uria izan zen garaile.
Hirugarren saioa, berriz, datorren igandean, hilak 20, izango da Ajangizen. Garazi Navarro, Koldo Gezuraga, Txaber Altube, Iruri Altzerreka, Ander Urcelay eta Koldo Muñiz bertsolariak arituko dira bertsotan. Hiru kanporaketa hauen ostean, Bermeoko Artza frontoian izango da finala, ekainaren 27an.