Martxan da IV. Danbaka Musika Lehiaketa

Martxan da IV. Danbaka Musika Lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-iv-danbaka-musika-lehiaketa/@@download/image/2010994654DANBAKA.jpg
2012/12/13
berria
Martxan da IV. Danbaka Musika Lehiaketa
Debagoieneko, Debabarrenako eta Durangaldeko musikari gazteen lana zabaltzeko helburuarekin jaio zen lehiaketa abian da laugarren urtez. Partehartzaileek irailaren 17ra arteko epea dute izena emateko, eta pizgarri garrantzitsu bat: garaileak Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik disko bat grabatzeko aukera izango du. Bestalde, Debagoienako talde onenak bideoklipa grabatu ahal izatea edukiko du sari.

Debagoieneko musikariak elkarrekin lehiatzeko eta euren lana ezagutzera emateko sortu zuen Goiena Komunikazio Kooperatibak Danbaka 2004an. 2008az geroztik, ordea, Debabarrena eta Durangaldeko taldeak ere onartzen dituzte eta, beraz, gutxienez taldekideren bat bailara hauetakoren batekoa izatea ezinbesteko baldintza da parte hartu nahi duen talde ororentzat.

Izena emateko epea zabalik da jada, eta irailaren 17ra arte luzatuko da. Izena ematen duten guztiek, ordea, ez dute lehiatzeko aukerarik edukiko. Izan ere, epaimahaiak 19 talde bakarrik hautatuko ditu aurrera egin dezaten, eta 20.ari publikoak emango dio pasea internet bidez bozkatuz. Azken honen izena urriaren 8an emango da jakitera; beste 19ak, ordea, urriaren 4an izendatuko ditu epaimahaiak.

Final handia urtarrilaren 14an izango da, gaueko 22:30etatik aurrera, Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Gailentzen den taldeak disko bat grabatu ahal izango du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik, Debagoiena mailako talde onenak ere izango du saria: bideoklip bat grabatzeko aukera.

Dena dela, lehiaketaren inguruko informazio zehatza eta oinarriak Danbakaren webgunean topa ditzakezue. Bestalde, girotzen joateko, beste urte batzuetako argazkiak ikus ditzakezue flickerren.