Martxan da iKirol.com ataria

Martxan da iKirol.com ataria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-ikirolcom-ataria/@@download/image/ikirol_02_1385108878.jpg
2013/11/22
berria
Kirolariak harremanetan jartzeko eta edonori kirol ekitaldi bat sortzeko aukera eskaintzeko asmoz sortu da iKirol.com ataria. Irabazi asmorik gabeko iKirol mugimenduak berak abian jarritako plataformak kirolarekin loturiko harreman-sarea sortu nahi du, gainera.


Egungo baliabide teknologikoak erabiliz, orotariko jarduera fisikoen ekitaldiak antolatzeko aukera eskaintzera dator iKirol.com ataria, baita berauetan parte hartzeko sistema erraztera ere. Hala, web orri berri honen bidez, kirolariak harremanetan jarri eta kontaktu sarea eratuko du irabazi asmorik gabe iKirol mugiemenduak.

Ekimenen bat antolatu nahi izanez gero, lehen urratsa atarian erregistratzea da, nork bere erabiltzaile perfila sortzea, alegia. Eta ondoren, ‘Topaketa sortu’ botoiari eman eta sistemak galdegiten dizkizun datuak sartu besterik ez duzu. Halaber, atariak berak esango dizu ekimena aurrera ateratzeko zenbat partaide behar dituzun, eta haiekiko komunikazioa errazten lagunduko dizu.

Baina kirol kultura sustatzeko asmoz, eta jarduerak antolatu beharrean berauetan parte hartu nahi dutenei zuzenduta, izen-emate sistema gehitu diote atariari. Hala, kirol ekintza interesgarri bat ikusten duen orok iKirol.com atarian bertan izena eman ahal izango du. Sistema erabat doakoa da, eta edonoren eskura jarri dute, interesa duen orok parte hartu ahal izan dezan. Emaiozu begiratu bat!