Martxan da II. Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketa
Aitor Sarasua bertsolari zenaren omenez egindako bertsopaper lehiaketaren bigarren edizioa abian da. Adinaren araberako bi maila izango dira: bata, helduena, 16 urtetik gorakoena, eta, bestea, gazteena, 16 urtera artekoa.
Helduen mailan gutxienez sei bertso eta gehienez hamar idatzi beharko dira. Gazteen mailan, aldiz, lau bertso gutxienez eta zortzi gehienez. Neurria eta doinua libreak izango dira.
Bertso guztiak berriak izan beharko dira eta inon argitaratu gabeak. Gainera, bertso-sorta bakoitzaren doinua zehaztu beharko da izenburuaren ondoan.
Bertso idatziak bidaltzeko epea otsailaren 28an amaituko da eta helbide elektroniko honetara bidali beharko dira: sarasua.lehiaketa@gmail.com. Bi dokumentu aurkeztuko dira: alde batetik, izengoitiz izenpetutako Bertso-Sorta dokumentua, eta, beste aldetik, egilearen datuak jasotzen dituen Xehetasunak izenekoa. Zein mailara aurkeztu den ere zehazteko eskatu dute antolatzaileek.
Sariei dagokienez, helduen sailean, lehenak 300 euro jasoko ditu, bigarrenak 200, eta hirugarrenak 100. Gazteen mailan, berriz, lehen saridunak taldekako Xilabako finalerako sarrera eta trikota edo jertsea irabaziko ditu: bigarrenak, taldekako Xilabako finalerako sarrera eta kamiseta; eta hirugarrenak, taldekako Xilabako finalerako sarrera. Xilabako finalerako sarrerak 2023ko beste final bateko sarrerarekin truka daitezke, hau da Nafarroakoa edo Bizkaikoa.
Informazio gehiago behar izanez gero, Bertsularien Lagunak elkartearen 05 59 54 15 04 telefono zenbakira deitu edo bertsularien-lagunak@bertsozale.eus helbidera idazteko jakinarazi dute.

