Martxan da Hirinet, Gasteizko euskaldunen sareko topagune berria

Martxan da Hirinet, Gasteizko euskaldunen sareko topagune berria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-hirinet-gasteizko-euskaldunen-sareko-topagune-berria/@@download/image/20124191361hirinet_aurkezpena_4.jpg
2012/12/13
berria
Gaur aurkeztu dute Montehermoson Hirinet.net, Gasteizko euskaldunen topagune berria. Informazioa, entretenimendua eta partaidetza izango dira atariaren ezaugarri nagusiak.



Dagoeneko martxan da Hirinet, GEU Elkarteak abian jarri duen egitasmo komunikatibo berria. Ekimenaren helburu nagusiak, Gasteizko informazioak sarean duen hutsunea betetzea eta euskara sustatzea dira.
GEU elkartea 1992an sortu zen GEU aldizkariarekin batera, eta 2009an aldizkariak agur erran bazuen ere, elkarteak euskara sustatzeko hainbat ekimen antolatzen jarraitu zuen. Hala ere, aldizkaria desagertu zenetik, Gasteizen euskararen presentzia hankamotz zegoela ikusita, elkartearen helburuak bete ahal izateko Hirinet.net ataria martxan jartzea beharrezkoa ikusi dute.
'Euskararen agenda', 'Gizartea', 'Kirola', 'Kultura', 'Multimedia', 'Onddo pasa' eta 'Iritzia' dira webgunearen atal nagusiak. Topagunearen jomuga erabiltzaileen partaidetza sustatzea denez, webguneak hainbat aukera ematen dizkio irakurleari nahi adina parte hartu ahal izateko.
Oraingoz Hirinet topagunea sarera mugatu bada ere, GEU Elkarteak etorkizunean papereko edizioa sortzea ere aurreikusi du.