Martxan da Gasteizko umore jaialdia

Martxan da Gasteizko umore jaialdia Bakarrizketak,tailerrak, ikuskizunak, erakusketa eta mahai-inguruak antolatu dituzte igandera bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-gasteizko-umore-jaialdia/@@download/image/komedialdia.jpg
2022/05/25

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bakarrizketak,tailerrak, ikuskizunak, erakusketa eta mahai-inguruak antolatu dituzte igandera bitarte.
Martxan da Gasteizko umore jaialdia

Umorearen testuinguruan Araban martxan diren egitasmoen arteko hartu-emanak sustatzeko xedez sortutako umore jaialdia da Komedialdia, arlo ezberdinetako elkarlan sarea sortu nahian. "Umoreak pertsonon bizitzan duen garrantziaz eta honen funtzio terapeutikoaz jabetzea" ere badu helburu. 

Atzo abiatu zen jaialdia El Mentirón: Gasteizko XIX. mendeko album baterako orriak erakusketaren inaugurazioarekin. Ricardo Becerro de Bengoak 1868 eta 1869 bitartean El Mentirón astekari literario eta satirikoan argitaratu zituen ilustrazioak ikus daitezke bertan. Irailaren 25era arte egongo da zabalik erakusketa, Arabako Fournier Karta Museoan. 

Gaur, 11:00etatik 13:00etara, krisi garaian zertaz barre egiten dugun hausnartuko dute mahai-inguruan. Arratsaldean, 19:30ean, Jose Kruz Gurrutxagak Arranopola eskainiko du, Vital Fundazioa Kulturunean, eta, 20:00etan, Madame Señoritaren Quest!on! izango da. Bihar, mahai-inguruaz gain, bakarrizketak egingo dituzte. 

Ostiral arratsaldean honako ekintzak izango dira: Ekekey Komedyren Open Mic Bilingue; Gurutze Beitia, Itxaso Quintana eta Susana Soletoren Good sex Maritxu; eta Carlo Móren eMe. Larunbatean ere izango da zertaz gozatu, egurditik aurrera: Panico Escenicoren Pepa y Pepi, Gromicen Maagia, Oscar Teloren Mundos para lelos, eta Zugunruhe-ren Viaje al presente tailerra. Amaitzeko, igandean, Panico Escenicoren Recetando sonrisas eta Zugunruheren tailerra izango da. 

Egitarau osoa, eta ekitaldietarako plaza gordetzeak eta sarrerak webgunean daude eskuragai.