Parte hartu al duzu EUSPOT euskarazko spot lehiaketan?

Parte hartu al duzu EUSPOT euskarazko spot lehiaketan? 'Aniztasunak aberastu egiten gaitu' izango da seigarren edizio honen leloa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-euspot-euskarazko-spot-lehiaketa/@@download/image/euspot03.jpg
2017/02/10
'Aniztasunak aberastu egiten gaitu' izango da seigarren edizio honen leloa.

Publizitatea, sormena eta euskara uztartzen dituen Euskadiko erreferentziazko spot lehiaketaren seigarren edizioa martxan da; oraindik parte hartu ez baduzu, adi entrega datei!!

  • Spotak entregatzeko epea: 2017ko apirilaren 26an, goizeko 10:00ak baino lehen entregatu beharko dira spotak. 
  • Publikoaren botoa: publikoak bozkatu ahal izango du 2017ko apirilaren 27tik (eguerdiko 12:00etatik) maiatzaren 2ra arte (eguerdiko 12:00ak).
  • Sari banaketa: 2017ko maiatzaren 11n egingo da sari banaketa ekitaldia Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, 19:00etan.

 

2016ko lehiaketa arrakastatsua izan zen. Guztira 35 lan aurkeztu ziren, Euskal Herri osoko autoreek eginak, eta aurkeztutako lanen artean, 16-18 urte bitarteko nerabe eta gazteek eginiko 13 lan jaso zituen epai-mahaiak. Gazteek Euspotekiko duten atxikimenduaren isla da, adibidez, 2016ko edizioan lau eguneko epean 2.000 bototik gora eman zirela sarean lan gustukoenak aukeratzeko. Asmoa da euskarazko sormena bultzatzea. Lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte.

 

Aurtengo berrikuntzak

Aurtengo edizioa berrikuntza ugarirekin etorri da. Batetik, Euspotek webgune berria estreinatu du: http://www.euspot.eus/. Bestetik, gazteen saria BHklip saria izatera pasa da. Hain justu ere, Debagoieneko Arizmendi Ikastolak, orain arte BHklip lehiaketaren antolatzaile nagusiak bat egin baitu lehiaketarekin.

 

Aurtengo gaia: “Aniztasunak aberastu egiten gaitu”

Aurten, Euspot lehiaketak aniztasunaren gaineko lanak jaso nahi ditu. Iragarkiak balioko du aniztasunaren alde edo edozein motatako diskriminazioaren aurka hausnartzeko eta sakontzeko. Betiere norbera errepikaezina eta desberdina izatea aniztasunarentzat aberasgarria dela ulertuz. Iragarkiak ondorengo ideia edo balioak transmititu beharko ditu:

  • Aukera berdintasuna
  • Aniztasuna
  • Diskriminazio eza
  • Elkarbizitza
  • Gizarte-kohesioa
  • Giza eskubideak
  • Elkarkidetasuna

  

Lanak aurkezteko epea

‘Aniztasunak aberastu egiten gaitu’ lelopean, parte-hartzaileek apirilaren 26ra bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Guztira, iazko bidetik jarraituz, Euspotek 2.250 euro banatuko ditu saritan, lau kategoria ezberdinetan. Aurten, sari banaketa ekitaldia maiatzaren 11n egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan.

 

Lau sari banatuko dira:

1.- Spotik onena. / 1.000 euro

2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro

3.- Publikoaren saria. / 500 euro

4.- BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro

 

Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefa eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan. Informazio gehiago www.euspot.eus atarian lor daiteke. Imajinazioa martxan jarri eta ikus-entzunezko teknikak hobetzeko aukera paregabea da Euspot; aurten gainera, aniztasunaren gaiari hedapen handiagoa emateko balio izango du spot lehiaketak.