Martxan da Euskarazko Palindromo lehiaketa

Martxan da Euskarazko Palindromo lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-euskarazko-palindromo-lehiaketa/@@download/image/201112281483palindromo_lehiaketa_azala.jpg
2012/12/13
berria
Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) Elkarteak martxan jarri du Euskarazko Palindromo Lehiaketaren bigarren edizioa. Gaurtik –abenduak 28– hasi eta 2012ko otsailaren 15a bitarte zabalik da aurkezteko epea.



2010ean lehiaketak izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere AED elkarteak martxan jarri du Euskal Herri mailako Palindromoen lehiaketa. Aurkeztuko diren lanetan, ekarpen literario eta artistikoa baloratuko dute, luzera eta aberastasun semantikoarekin batera.
Irabazleen izenak 2012ko otsailaren 29an jakinaraziko dituzte, eta lehenengo edizioan bezala, aurten ere bi sari banatuko dituzte.
Lehena, Euskal Herriko palindromorik hoberenaren saria izango da, eta Debako Txindurri-Iturri nekazalturismo-sagardotegian bi lagunentzako afaria, logela eta gosaria izango da.
Bigarrena berriz, Arrasateko palindromo hoberenaren saria izango da, eta honek, Txondorra erretegian bi pertsonentzako etxeko menu berezia irabaziko du. 

Oinarriak:


  1. Lehiaketa honetara aurkez daiteke bertan parte hartu nahi duen pertsona oro.
  2. Parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake. 
  3. Lanak ulergarriak eta hizkuntza aldetik zuzenak izan beharko dira ezinbestean eta aurretik argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batean saritu gabeak. 
  4. Palindromoak ,  otsailaren  15a baino lehen mezu bidez bidali beharko dira AED elkartera, aed@aedelkartea.com helbidera.  Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, palindromoa aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, erabilitako ezizen bera eta egilearen datuak (izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa).
  5. Epaimahaia Marcos  Gimeno palindromogilea, Oskar Elizburu Erdu-AEK euskaltegiko zuzendaria eta Amaia Arana Arrasateko Udal Euskaltegiko zuzendariak osatuko dute.
  6. Lanak epaitzerako orduan ondorengoa  baloratuko da: palindromoaren balio literarioa eta artistikoa, luzera,  eta aberastasun semantikoa.
  7. Aurkeztutako lanek gutxieneko kalitatea ez balute, sariak hutsik uzteko erabakia har lezake epaimahaiak.
  8. Irabazleak, otsailak 29an, emango dira ezagutzera AED Elkartearen web gunean: www.aedelkartea.com eta sare sozialetan.
  9. Saritutako lanak, AED elkartearenak izango dira eta  lanok ustiatzeko eskubidea AEDren esku utziko du egileak.
  10. Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek eta epaimahaiaren erabakia onartzea suposatzen du.