Martxan da .EUS domeinua sustatzeko kanpaina

Martxan da .EUS domeinua sustatzeko kanpaina https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-eus-domeinua-sustatzeko-kanpaina/@@download/image/eus_1442419082.jpg
2015/09/16
berria
Erredakzioa
Euskal komunitate linguistikoa interneten ordezkatzen duen .EUS domeinua indartzeko #markatupuntueus kanpaina abiatu dute. Argazkia atera eta sare sozialetan partekatzea eskatzen da; parte-hartzaileek sariak irabazi ahalko dituzte. Kanpaina urriaren 15era arte luzatuko da.


"Zer marka nahi duzu .EUS izatea?" galdetzen du kanpainak. Erantzuna dutenak parte hartzera animatu nahi ditu PuntuEUS Fundazioak. Partaideek erabaki beharko dute zein markaren (enpresa, kirol talde, elkarte...) webgunea nahi duten .eus bihurtzea. Horretarako, marka agertzen den edozein euskarriri argazkia atera eta Facebooken, Twitterren edo Instagramen argitaratu beharko dute #markatupuntueus traola erabiliz.

Kanpainarako markatu.eus web gunea sortu dute. Bertan argitaratuko dira kanpainan parte hartzen duten argazki guztiak, eta bozkatzeko aukera izango dute erabiltzaileek. Bozkatuenei astero Samsung Galaxy tableta bat oparituko zaie. Horretaz gain, amaieran PuntuEUS Fundazioak bi lagunentzat nekazal-etxe batean asteburuko egonaldia zozketatuko du kanpainan parte hartu duten guztien artean. Kanpaina urriaren 15era arte egongo da indarrean.

Kanpainaren helburu nagusia da .EUS domeinua gizartean errotzea sarean geroz eta presentzia handiagoa izan dezan. Dagoeneko 4.000 domeinutik gora daude erregistratuta eta kanpainarekin oraindik pausoa eman ez dutenak animatu nahi dira: enpresak, establezimenduak, erakundeak, musika edo kirol elkarteak eta abar.

.EUS domeinua edukien zati bat euskaraz duten edota euskaraz izan ez arren euskarari edo euskal kulturari buruzko edukiak dizuzten web guneei zuzendua dago, euskara eta euskal kulturari identitate propioa emanez Interneten.