Martxan da aldaketaz betetako Banden Lehia!

Martxan da aldaketaz betetako Banden Lehia! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-aldaketaz-betetako-banden-lehia/@@download/image/bandenlehia2015_1443444215.png
2015/09/29
berria
Erredakzioa / @Gaztezulo
Martxan da aldaketaz betetako Banden Lehia!
Azkue Fundazioaren eskutik martxan da euskal musika talde berriei hauspoa emateko helburua duen Banden Lehia; hamaika aldaketarekin dator gainera! GAZTEZULOko erredaktore Leire Palacios epaimahaikide izango da. 


Hainbat aldaketarekin aurkeztu da 2015eko Banden lehia. Irudiaren eta webgunearen diseinu berritik harago, lehiaketaren formatuan ere berrikuntzak sartu dituzte. Hala, finalera sailkatzeko lehen fasean zein finalean bertan sare sozialek garrantzia handiagoa izango dute, eta noski, baita jendearen parte-hartzeak ere.

Lehenengo fasean, taldeek euskarazko musika amateurraren Banda Beat sare sozialean eman behar dute izena urriaren 13a baino lehen; dagoeneko .eus domeinupean dago, eta atal berriak ditu. Taldeen jarraitzaileek Internet bidez bozkatzeko aukera izango dute, eta webgune berriak euren bozka Twitterrez zabaltzea erraztuko die, horrela gustuko taldeak promozionatuz; gainera, bozka Twitterren partekatzen dutenen artean Bilbao BBKLive jaialdirako bonoa zozketatuko dute. Aurten, bozka gehien lortzen duen taldea sailkatuko da zuzenean finalera, eta beste hiru taldeak epaimahaiak aukeratuko ditu.

Finala azaroaren 27an egingo dute Bilborocken, eta bertan Urtz taldeak kontzertua eskainiko du. Aurtengo finalean zaleek berebiziko garrantzia izango dute: lau finalisten artean onena zein den Twitter bidez bozkatuko du publikoak, eta bozka horiek azken erabakariaren %40 balioko dute. Beste %60a epaimahaiaren esku geratuko da. Epaimahaia ondokoek osatuko dute: GAZTEZULOko Leire Palacios, Baga-Bigako Ritxi Aizpuru, Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo eta Last Tour Internationaleko Gaby Salaberry.

Sariak

Talde irabazleak diskoa ekoiztu eta plazaratuko du Baga-Bigaren eskutik. Horretaz gain, 2016ko Bilbao BBKLive eta EHSona jaialdietan joko dute. Gainontzeko hiru finalistek, irabazleekin batera, Banden Lehia lehiaketaren 2015eko edizioko disko bilduman parte hartuko dute, eta talde bakoitzak hamarna disko jasoko ditu.