Martxa finkoan

Martxa finkoan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxa-finkoan/@@download/image/fixed_01_1385551754.jpg
2013/12/05
erreportajea
Testua eta argazkiak: Antton Zubia
Gure kaleetan gero eta ohikoagoak dira ‘fixie’ bizikletak. Mugimendu berri horren xehetasun guztiak ezagutu nahi dituenak, hona azalpenak ondoko orrietan.


Fixed, fixie edo fixi bezala ezagutzen den terminoa ingelesezko fixed gear esamoldetik dator, eta martxa finkoa bezala itzul daiteke. Esamolde horretan bizikleta hauen bi ezaugarri nagusiak azaltzen dira: martxa edo abiadura bakarra dute (plater bakarra eta pinoi bakarra), eta martxa hori finkoa da, hau da, pinoiak atzeko gurpilarekin batera biratzen du, aurrerantz zein atzerantz; horrenbestez, pedalek atzeko gurpilarekin batera biratzen dute bi zentzuetan.

Normalean, bizikletek gurpil aske edo pinoi aske mekanismoa izaten dute, eta ondorioz, pedalen eta gurpilaren transmisio zuzena pedalei aurrerantz ematean bakarrik transmititzen da. Era horretan, pedalak emateari utzita ere bizikletak aurrera jarraitzen du, eta pedalak geldi mantendu edo pedalkadak atzerantza eman daitezke, bizikletaren martxari eragin gabe. Fixie bizikletetan ordea, ez dago mekanismo librerik, eta atzeko gurpila mugimenduan badago, pedalak ere biraka ibiliko dira nahitaez.

Balaztarik gabe
Pinoi finkoa tarteko, atzeko gurpilaren eta pedalen arteko transmisioa zuzena bihurtzen denez, pedalei atzerantz eraginda balaztatu egiten da, eta nahi izanez gero, baita atzeraka ibili ere. Beraz, bizikleta gelditu edo abiadura moteltzeko eskuekin balaztatu beharrean, hankekin balaztatu behar da, zuzenean bizikletaren transmisioan eraginez.

Atzeko gurpilaren eta pedalen arteko lotura zuzen horrekin, fixie bizikleta gorputzaren luzapena bihurtzen dela esan daiteke, eta bizikletaren eta txirrindulariaren arteko harmonia berezi bat sortzen da. Izan ere, pedalei emateari ezin zaionez utzi, trafiko artean zein eguneroko beste hainbat egoeratan, ezustekoei aurre egiteko bizikletaren eta gidariaren arteko konpenetrazioak erabatekoa izan behar du. Hori dela eta, gomendagarria izan daiteke hasieran, teknika menperatu arte, ohiko aurreko balazta erabiltzea.

Bizikleta hauen inguruan aldeko zein kontrako iritziak daude. Aldekoek abantaila bezala ikusten dute bizikletaren arintasuna eta sinpletasuna. Balaztarik eta martxa aldatzeko sistemarik ez dutenez, pisua aurrezteaz gain, denborarekin hondatu ohi diren hainbat elementu ekiditen dira.

Desabantaila bezala, segurtasuna aipatu ohi da. Pedalak emateari ezin uzteak eta balaztatzeko hankak erabili beharrak segurtasun gutxiko bizikletak direla esatera bultzatzen du hainbat jende. Horretaz gain, martxa edo abiadura bakarra dutenez, aldapak igo edo jaistea zailagoa edo gogorragoa izan daiteke ohiko bizikletekin alderatuta.

Jatorria
Fixie bizikleten historiari erreparatuz, esan daiteke bizikletaren oinarrietara bueltatu dela, izan ere, asmatu zen lehen bizikleta modernoa pinoi finkoduna zen. Urte batzuen buruan, pinoi askea asmatu zen, eta txirrindularitzak garapen nabarmena izan zuen. Garapen horren ondorioz, pinio finkodun bizikleten erabilera pistako edo belodromoko lasterketetara mugatu zen, transmisioan duten indar galera urria dela medio, lasterketa horietarako egokiena delako.

80ko hamarkadan baina, Londres, New York, San Frantzisko edota Bostongo mezulariak, hirietako trafikoaren artean abiadura bizian mezuak banatzeko, bizikleta horiek erabiltzen hasi ziren. Gainera, bizikleta egunean hainbeste orduz erabiltzen zuten langileak izanik, mantenuan, konponketetan edo lapurreten ondorioz izaten zituzten gastuak murriztea lortu zuten.

Mezulari horiek eta euren lanak munduko txoko ezberdinetako bizikletazaleen arreta piztu zuten, ikur bihurtzeraino. Denborarekin, tendentzia edo modako mugimendu bihurtu da fixie kultura, eta hainbat lurraldetako txirrindularitza urbanoaren kulturaren zutabe garrantzitsu bihurtu da.

Gurera duela urte gutxi batzuk baino heldu ez zen arren, gero eta pinoi finkodun bizikleta gehiago ikusten da, hirietan batez ere. Eta hasieran mezularien erabilerara mugatzen zena, gaur egun hainbat ekimen eta modalitate uztartzen dituen mugimendua bihurtu da. Ondoko hauek dira azpimarragarrienak:

1. KRITERIUMAK

Zirkuitu itxietan antolatzen diren lasterketak dira, formatu askotakoak daude, eta azkenaldian Euskal Herrian indarra hartzen ari dira. Adibidez, 2012an Bilbon High Voltage izeneko kriteriuma egin zuten, eta Oñatin aurten bigarren aldiz antolatu dute herriko kaleak zeharkatzen dituen lasterketa. Parte-hartzaile zein ikusleen artean izan duen arrakasta ikusita, datorren urtera begira Kantoikrit izenpean berrikuntzaz beteriko kriteriuma antolatzen ari dira txantxikuak. Azpimarratzekoa da gainera, zirkuitu osoa herriko alde zaharrean duen munduko kriterium bakarra dela Oñatikoa. Chicane, harbide eta bihurgune itxi ikusgarriz osatutako zirkuitua da.

2. ALLEYCAT
Hirietan antolatzen diren "altxorraren bila" erako lasterketak izaten dira, eta mezulari aitzindarien lana gogoratzea dute helburu. Lasterketa horien ostean, bizikleta gainean norberak duen abilezia erakusteko zenbait ekintza ezberdin antolatu ohi dira, footdown edo trackstand saioak, adibidez. Azken hiru urteetan Bilbon hainbat Alleycat antolatu dituzte.

3. BILKURAK
Tokian tokiko fixie komunitatearen elkargune bezala erabiltzen diren hitzorduak izaten dira, eta jende berriari pinoi finkodun bizikleten nondik norakoak azaltzeko balio izaten dute. Donostian adibidez, Artzai Onaren plazan Finko Gau Kedada izeneko hitzordua izaten dute asteazkenetan gaueko 22:00etan.

4. GOLDSPRINT

Bata bestearen aurka arrabolan aritzean datza, eta 500 edo 1000 metroko esprintak izaten dira normalean. Euskal Herrian oraingoz Goldsprintik ez da egin, baina ziur berandu baino lehen egingo dela lehenengo saioa.

5. BIKE POLO
Zaldiekin jokatzen den polo kirol tradizionalaren bertsio modernotzat har daiteke, nahiz eta berez 1891an Irlandan asmatutako Bike Poloaren garapena izan. Bilbon eta Gasteizen badira espainiar estatuko taldeen aurka aritzen diren talde indartsuak.

DENDAK
Pinoi finkoko materiala erosteko Internetera
edo denda berezituetara jo daiteke.
Bizikleta hauek ondo ezagutzen ez dituenarentzat
komenigarria da adituengana jotzea. Euskal Herrian baditugu denda espezializatuak, adibidez:

- Bilbo: HiriZikloak
- Donostia: Bizipoza
- Gasteiz: Lokoloka

Zuk zeuk egin



Gaur egun merkatuak fixie bizikleta ugari eta prezio askotarikoak eskaintzen ditu, baina esan behar da norberak ganbaran duen bizikleta zaharra moldatu eta fixie bat egitea ere posible dela. Egin beharreko ahalegina, tekniko zein ekonomikoa, ez da handia. Bizikleta zahar bat, 100 euro inguru eta gogoa izatea nahikoa da.

Hasi aurretik:
Bizikletaren atzeko gurpila lotuta doan fijazio errailak ibilbide horizontala izatea ezinbestekoa da, gero katea era egokian tentsatu ahal izateko (ikusi irudia).

Erosi beharrekoa:
Fixieen berezitasuna atzeko abatza izanik, sistema finkoko abatz bat erostea nahikoa litzateke, baina gurpil osoak 80 euro inguru balio dituela kontuan hartuta, ohikoa da gurpil osoa erostea. Sarritan, pinoi eta guzti etortzen dira.

Atzeko gurpilaz gain, pinoi finkoentzako bereziki egindako kate bat erostea ere komenigarria da. Horiek zabalagoak eta zurrunagoak dira, bizikleta hauetan transmisioak asko sufritzen baitu.

Pieza zaharrak kendu:

-Abiadura-aldagailuak eta kableak kendu.
-Balaztak kentzea edo mantentzea aukerakoa da. Mantentzekotan, normalean aurrekoa uzten da.
-Transmisioan plater bat baino gehiago izanez gero, bakarra utzi.

Pieza berriak muntatu:
-Atzeko gurpila muntatu.
-Katea muntatu eta tentsio egokian jarri.

Manex Ormazabal: "hainbat ideia eta proiektu dauzkagu ‘Fixie’ kultura garatzeko"



Nola sortu zen Bizipoza?
Bizipoza proiektua aspalditik genuen buruan, nahiz eta joan den urtera arte gauzatu ez. Bakoitzak bere erara, beti izan dugu bizikletekiko afizioa, eta gustuko zerbaitetan lan egitea beti izan da biontzako amestutako zerbait. Iban bizikletak konpontzen hasia zen denbora librean, eta nik betiko lana utzi berri nuen ibilbide berri bati ekiteko. Gauzak horrela, udaberria Bizipoza sortzeko une egokia iruditu zitzaigun, eta abuztuan zabaldu genuen denda.
 
  

Afizioa lanbide bihurtu duzue.
Gaur egun, horrelako proiektu bat aurrera eramateko ilusio handia eta lan asko dira beharrezkoak, baina lortu daiteke. Oso argi geneukan aberastasuna pertsonala izango zela, eta ez ekonomikoa. Baina bai, afizioa lanbide bihurtzea lortu dugu.

Nolako bizikletak saltzen eta konpontzen dituzue?
Orain arte lana hiru arlo nagusitan banatu dugu: Single speed eta fixed bizikleteten eta materialaren salmenta, bizikleten moldaketa eta zaharberritzea, eta mota guztietako bizikleten konponketa.

          
Euskal Herrian badago ‘fixie’ zaletasunik?
Bai, oro har bizikletaren erabilera etengabe hazten ari da, eta ondorioz fixie mundura ere jende asko ari da gerturatzen. Hemen, Donostian, Finko taldea sortu berri da, eta astero batzen gara hiritik buelta bat emateko. Bilbon eta Gasteizen urteak daramatzate pinoi finkoaren inguruan gauzak antolatzen, eta Iruñean jendea mugitzen hasi dela jakin berri dugu. Gure helburuetako bat mugimendu honi bultzada bat ematea da, bai kolaboratzaile bezala, eta baita ekintzen antolatzaile bezala ere. Etorkizun laburrera begira, fixie kultura garatzeko hainbat ideia eta proiektu dauzkagu.