Martin Ugalde: Idazketa bizibide

Martin Ugalde: Idazketa bizibide https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Martin Ugalde: Idazketa bizibide
Urte batzuk dira Anjel Lertxundik idatzi zuenetik euskaldunok ez garela batere ondo portatu Martin Ugalderekin eta ez zaiola justizia handirik egin sortzaile bezala. Ez sortzaile gisa eta ez bestela, erantsi zuen Torrealdaik, Andoainen jaiotako idazleari buruz osatu zuen liburuaren sarreran. Geroztik etorri dira sariak eta laudorioak Ugalderentzat. Gure kulturak eman duen izen handienetako bat.
1921ean jaio zen Andoainen. Espainiako Gerra eta ondorengo urte gogorrak bere larruan bizi izan zituen, era guztietako erbesteak ezagutuz. Azkenik, 1947an Caracaserako bidea hartu zuen amarekin, eta familia osoa bildu zen bertan. Hainbat lan egin zituen han, dohakabeekiko konpromisoa ahaztu gabe. "Elite" aldizkarian ekin zien kazetari lanei. Handik "Euzkadi" astekariko erredakzio buru izatera, "El Nacional"era... Batera eta bestera, erreportaia zorrotzak idatziz, inmigrantearen begiekin Venezuelako errealitatean sakonduz. Ordukoak ditugu Alberdaniak berriki "La semilla vieja y otros cuentos" izenburuko liburuan bildutako ipuinak. Izagirreren aburuz, "venezueleraz" idatziak denak ere.
1969an itzuli zen Euskal Herrira. Handik aurrera loditu egin zen Ugalderen euskarazko produkzioa. Baita erdarazkoa ere. Hainbat alorretan. Ipuingintza, eleberria, kazetaritza, biografiak, artikulugintza... Hor dauzkagu, besteak beste, "Mantal urdina" eta "Erretiradako trena" ipuin bildumak edota "Itzulera baten historia" eta "Pedrotxo" eleberriak. Zalantzarik gabe, obra oparoa da Ugalderena, tokian tokikoa, konprometitua eta kritikoa. Berreskuratu beharrekoa. Obra eta eredua. Ugalderen gizatasun dimentsioa. 
Tamalez, omenaldiekin batera, zahartzaroan ere jaso ditu ezten mingarriak. Naturak berez dakartzan gaixotasun eta ahuleziez gain, denok ezaguna dugun "Euskaldunon Egunkaria"ren aurkako bidegabekeriaren ondotik, hor daukagu idazlearen izen ona zikintzen saiatu direnen ahalegin pozoitsua. Pozoi bidegabea, uneoro zuzentasun etiko nahiz demokratiko aparta erakutsi duen pertsonarentzat. Oraindik orain, omenaldi bat gehiago zor diogu euskaldunok Ugalderi. Haren ondarera hurbiltzea, hain zuzen. Denok kabitu gaitezke Ugalderen obran.