Martin Ugalde bekarako proiektuak aurkezteko epea zabaldu dute

Aurtengo beka deialdiaren gaia honako hau izango da “Martin Ugalde Orradreren ekarpena Euskal Herriari eta euskal kulturari, berak landutako eremuetako edozein kontuan hartuta”. Martin Ugalde beka bi urtetik behin izaten da, Martin Ugalde beraren edo euskal kazetaritzaren inguruan ikertzeko.
Proiektuak idatzizko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkez daitezke. Idatzizkoak 150 orrialde izan beharko ditu, eta ikus-entzunezkoak, berriz, 30 minutuko iraupena gutxienez.
Banaka nahiz taldeka parte hartu daiteke eta honako hauek aurkeztu beharko dira: egilearen edo egileen curriculum laburra, orri banatan, egindako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere; egin nahi den lanaren azalpena, 4-6 orritan; idazlanaren edo gidoiaren lagina, 15-20 orrialde bitartekoa. Proiektuak irailaren 2ra arte bidal daitezke, helbide honetara: beka@kulturparkea.eus.
Bekaren irabazlearen berri azaroaren 11n jakinaraziko da, Martin Ugalde kultur parkean. Irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana egiteko eta urtebetean amaitu beharko du.
Aurreko irabazleak
Danele Sarriugartek, Kattalin Minerrek eta Maddi Altunak Tira ahala tira: generoaren trataera Egunkarian eta Berrian ikus-entzunezko lana egin zuten 2019an. Azkeneko deialdian, berriz, Eneko Bidegainek, Ainhoa Larrañagak eta Zuriñe Maguregik Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan liburua egin dute. Euskal komunikabideek Euskal Herria nola irudikatzen duten, euskal lurraldea nola izendatzen duten eta erabiltzen dituzten izenen azpian zein eremuz ari diren ikertu dute.
Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak antolatzen dute beka, Andoaingo Udalaren laguntzarekin.