Marta Loidik irabazi du Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketa
HAU Euskal Herriko objektu tradizionalen diseinu lehiaketak objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen du, diseinu garaikidearen begiradatik. Gure tradizioaren inguruko ikerketa sustatu nahi du, usadioak eta ohiturak ezagutu eta berreskuratzeko.
Zazpigarren deialdi honetan gaztainak erretzeko tresnak berraztertzea proposatu dute, eta hogeita lau proiektu aurkeztu dituzte lehiaketan. Marta Loidi Urkizuk sortutako Dinak proposamenak irabazi du eta bi mila euroko saria jasoko du. "Dinak proiektuak trebetasunez eta sentikortasunez uztartzen ditu objektuaren alderdi funtzionalak eta formalak. Gaztainak erretzeko tresna bizitza modernora egokitzen jakin du, produktu moldakorra, ez urtarokoa, proposatuz, eta merkatuan sartzeko bideragarria dena. Ondo osatutako memoriak produktua eta haren erabilerak aztertu eta deskribatzen ditu”, azaldu du epaimahaiak.
Bestetik, Sergio Peña Tiradoren Zesta lanak jaso du aipamen berezia, "originalena delako, eskultura-balioa duelako eta pieza artistiko bati erabilera funtzionala ematen jakin duelako".
Erakusketa irailera arte
Bi lan hauek San Telmo museoko erakusketan ikusi ahal izango dira irailaren bukaerara arte. Gaztainak erretzeko sistema berriak imajinatzen egindako ahaleginagatik aukeratutako hauek ere izango dira bertan: Iker Leizaolaren Aïna; Maialen Bertiz, Marina Ibañeren Damaki; Aroa Ochoa, Monica Gonzalez eta Olatz Jausororen Triku; Pedro Galdonen Refraktario; Alicia Comesaña eta Paula Arrilucearen Sutan; eta Luzaide Lizarralde, Uxue Sanchez eta Maria Urquizaren Lakots.

