Marrazoen erasotik babesteko jantzia

Surflarien etsaietako bat dira marrazoak; orain arte beren erasoak ekiditeko egin diren saiakerek ez dute arrakasta handirik izan. Marradun neoprenoak kamuflatzeko, marrazoak uxatzeko lurrindun jantziak... ezerk ez du balio izan itsasoetako hiltzaile famatuena aldentzeko. Dena den, Australiako Flinders unibertsitateko ikerlariek neopreno berri bat sortu dute, Kevlar materiala erabiliz; honek ez ditu marrazoak uxatzen, baina hozkada batetik bizirik ateratzeko aukerak biderkatzen ditu.
Kevlarrak armadura baten antzera funtzionatzen du, eta ebakiduren aurrean erresistentzia handia du. Balen aurkako txalekoak egiteko, urradura, mozketa eta antzeko lesioen aurkako eskularruak egiteko, zein hegazkinen jet motorren metrailaren kontrako blindajea egiteko erabiltzen da material hau.
Neopreno honen arrakastaren gakoa odola galtzea galarazteko gaitasuna da; zauriak minimizatzen ditu, eta beraz, eraso bat jasan ondoren bizirik irauteko aukera gehiago eskaintzen ditu. Hain zuzen, ikerlariek ondorioztatu dutenez, halako eraso baten aurrean heriotza asko odol galera handi batek sortzen duen shockaren ondorioz gertatzen dira. Uretara sartzeko prest?