"Marrazkilaria naiz, ez gehiago ezta gutxiago ere. Baina baita oso saltseroa ere!"

"Marrazkilaria naiz, ez gehiago ezta gutxiago ere. Baina baita oso saltseroa ere!" Geurea, erraldoien lana egiten duten artistaz osaturiko lurraldea da. Orotariko ilustrazioak landu eta hamaika toki zein gai irudien bitartez transmititzeko gai diren itsasargi baliotsuak dira, baliabide eskas eta ilusio handiz aurrera egiten dutenak. Atal honetan beren lana ezagutzera emango dugu. Hilabete honetako gonbidatu berezia, Joseba Beramendi, 'Exprai' ezizenez ezaguna den marrazkilaria. Irailetik aurrera gainera, hilero kolaboratuko du GAZTEZULOn 'Arkatz Zorrotzak' izeneko atal berrian! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/marrazkilaria-naiz-ez-gehiago-ezta-gutxiago-ere-baina-baita-saltseroa-ere-oso/@@download/image/3e2ceb544d322355166d79abfa25f70c.jpg
2019/09/10

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

Geurea, erraldoien lana egiten duten artistaz osaturiko lurraldea da. Orotariko ilustrazioak landu eta hamaika toki zein gai irudien bitartez transmititzeko gai diren itsasargi baliotsuak dira, baliabide eskas eta ilusio handiz aurrera egiten dutenak. Atal honetan beren lana ezagutzera emango dugu. Hilabete honetako gonbidatu berezia, Joseba Beramendi, 'Exprai' ezizenez ezaguna den marrazkilaria. Irailetik aurrera gainera, hilero kolaboratuko du GAZTEZULOn 'Arkatz Zorrotzak' izeneko atal berrian!
"Marrazkilaria naiz, ez gehiago ezta gutxiago ere. Baina baita oso saltseroa ere!"

 Ilustratzailea, artista… nola gustuko duzu zeure burua aurkeztea?

Marrazkilaria naiz, ez gehiago ezta gutxiago ere. Baina baita oso saltseroa ere! Dena probatu behar, disfrutatzeko aukera ematen badu, behintzat. Berdin diseinua, irratia, musika, edo bikoizketa bada ere.

EXPRAI. Zergatik ezizen hori?

Ezizenak jartzearena ingurukoen eginbeharra da gure herrian.

Ezizen gehiago erabili dituzu zeure ibilbidean?

Ezetz esango nuke, baina oso memoria txarrekoa naiz.

GAZTEZULOn kolaboratzen hasiko zara Irailetik aurrera “Arkatz Zorrotzak” izeneko atal berrian, zer da zehazki bertan egingo duzuna?

Gezurretan arituko naiz, egiren bat bota nahian. Ongi pasatzen saiatuko naiz. Zuek ere ezer onik ateratzen baduzue honetatik, ni pozik. Gustatuko litzaidake entzutea, urtebeteren bueltan, galdera honi zure erantzuna. “Zer da zehazki Expraik bertan egin duena?”

Non eta nola zabaltzen duzu zeure lana?

Gaur egun ezer gutxi egiten dut neronek hala nahi dudalako. Behar beste denborarik ez, eta marrazten dudan ia guztia enkarguak dira. Triste xamarra badirudi ere, ezin naiz kexatu, horrek esan nahi baitu aldi berean lanik ez zaidala falta. Publizitatean eta han-hemenka egiten ditudan kolaborazio txikietan joaten zaizkit marrazkiak, hemendik aurrera GAZTEZULOn bezala.

 

"GAZTEZULOn egingo dudan kolaborazioari buruz, gustatuko litzaidake entzutea: “Zer da zehazki Expraik bertan egin duena?”

Uste duzu oraindik ez dela zuen lana behar bezala baloratzen? (izan daiteke ekonomikoki, artistikoki...)

Ez naiz negarrez hasiko, baina egia da gureak (sormenarekin lotutako beste ogibide batzuetan gertatzen den bezala) ez duela beharko lukeen duintasuna ezagutu. Egia da marrazkiak estimatzen direla, oro har, baina estimu honek ez dakar ordainik, gehienetan behintzat.

Nolakoa da Euskal Herrian ilustratzaile izatea? Beste toki batean baina zailtasun handiagoak daudela uste duzu? (ala erraztasun?)

Garai batean ateak joka aritzen nintzen. Oraindik ere, ez pentsa. Baina gero eta gehiagotan nire atea da beste batzuk jotzen dutena, eta horrek nolabait lasaitzen nau.Baina bai lehen eta bai orain, erraza da marraztea eta zure marrazkiak paperean inprimatuta ikustea zailagoa da.

 Sare sozialak ezinbestekoak dira zure lana ezagutarazteko ala bizi daiteke sare sozialik gabe?

Sare sozialek jaten eman didate, eta ezin diet hori ukatu. Ez dut oraindik horrek kobratuko didan ordaina neurtzerik izan, ordea. Baina ezin ukatu niretzat lagungarri izan direla.

 Orain arte egin dituzun lan guztietatik zeinek uste duzu transmititzen duela hobekien zure nortasuna?

Nortasun berezirik banu, erantzungo nizuke. Marrazten dut gustatzen zaidalako eta saiatzen naiz beti gauza desberdinak egiten. Toki bakoitzean hastean (eta gehien bat denboran luzatzen diren kolaborazioak badira) arauak jartzen dizkiot nire buruari: estetikoak, formalak, kromatikoak… Horrela, gauza desberdinak egitera behartzen dut nire burua, baina nortasunaz aipatzen zenuen hori…

 Nola da testu bat ilustratzearen prozesua?

Oso gutxi ilustratu ditut. Txisteak, komikitxoak egin ditut gehiago. Testuetan aritu naizenean, era prekarioan egin izan dut. Behar den denbora adina ez, desordutan egiten… Horrelako presioekin aritzeko, dibertigarriagoa iruditzen zait prentsarako iritzi artikuluak ilustratzea: estutasuna eta tentsioa egon badago, baina oso ongi pasa izan dut egin dudanean. Testua goitik behera irakurri eta, batzuetan, edukiarekin bat eginez gero, ideiaren bat islatu; eta, erabat ados ez egotekotan, zirrikituren bat bilatu beste irakurketa bat eskaini ahal izateko.

"Oso testu gutxi ilustratu ditut. Txisteak, komikitxoak egin ditut gehiago. Testuetan aritu naizenean, era prekarioan egin izan dut."

Erreferenterik baduzu?

Asko. Toki askotakoak. Garai desberdinetakoak. Denei kopiatzen eta lapurtzen saiatzen naiz, baina emaitza ez da inoiz buruan irudikatzen nuen bezalakoa. Edo ez ditut erreferentzia horiek behar den tokian eta behar den moduan erabiltzen ikasi. Hori ere izan daiteke…

Ze tresnak erabiltzen dituzu marrazteko? 

Magia.
Eta kafea. Litroka.
Eta (ze ironia penagarria!) zorroztea behar ez duen arkatz digital bat tablet baten kontra.
Erantzuna zapuztu dut. ‘Magia’ oso borobila zen.

Non ikus daitezke zure lanak?

Urteak –literalki, oso tarteka aritzen naizelako horretan– daramatzat webgune bat muntatzen. Mundu guztia bereak ezabatzen dituenean, orduan sareratuko dut nik nirea. Une zehatzean hanka sartzeko gaitasun berezia daukat. Inoiz egiten badut, bertan bilduko ditut paperezko prentsan zein digitalean egindako kolaborazioak, edo hainbat herri ekimenentzako egindakoak, diseinu lanekin batera. Batek daki noiz.

 Zerbait esateko gogoz geratu bazara, azken galdera hau libre...

Arratsalde polita geratu da herriak ekoizpen baliabideak bereganatzeko.