Marrazki bizidun klasikoak blokeatu ditu Disney+ plataformak

Marrazki bizidun klasikoak blokeatu ditu Disney+ plataformak Eduki arrazista duten filmak plataformatik ezabatu ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/marrazki-bizidun-klasikoak-blokeatu-ditu-disney-plataformak/@@download/image/600eae99250000010fe2389b.jpeg
2021/01/27
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Eduki arrazista duten filmak plataformatik ezabatu ditu.
Marrazki bizidun klasikoak blokeatu ditu Disney+ plataformak

Esan agur Dunbo, Peter Pan edota Aristokatuak bezalako klasikoei; hemendik aurrera, marrazki bizidunen film horiek ez dira ikusgai izango Disney+ plataforman. Haiekin batera, Oihaneko Liburua eta Dama eta Arlotea ere, aurki desagertuko dira. Arrazoia? Arrazismoa.

Aipatutako film horiek dagoeneko abisu bat zeramaten hasi aurretik; bertan, filmean "pertsonak ala kulturak modu ez egokian erretrataturik agertzen direla" aipatzen da, estereotipo arrazisten inguruan abisua igorriz. Baina Disney+ plataforma harago joan da, eta film horiek zuzenean kendu egin ditu; gauzak horrela, 7 urtetik beherako profiletan ez dira ikusgai izango.

Oraingoz, helduen profiletan ikusgai izango dira aipatutako filmak, baina beharbada ez luzaroan, animazio etxeak oso serio hartu du arrazismoaren kontua, eta ez du bere klasikoetan egindako erreferentzia kultural oker horiek barkatzeko asmorik. Hain zuzen, erabiltzaileek sorpresa hartu dute Disneyren erabakiarekin, orain arteko bere politika bestelakoa izan baita; klasikoak besterik gabe zentsuratu beharrean, filmean agertutako eduki gaizto horiek onartzen zituen, bertatik ikasteko eta gaiaz hitz egitera animatzeko. 

MUSUAK, ONESPENAREKIN

Arrazismoa ez da Disney errebisatzen dabilen gai polemiko bakarra; Disney printzesen filmak ere berriro ikertuko dituzte, bertan agertzen diren musuak nesken onespenarekin egin ote diren aztertzeko. Gauzak horrela, baliteke Aladdin edota Edurne Zuri bezalako filmek ere zentsura bera jasatea.