Mark Wahlberg: Kausadun errebeldea

Mark Wahlberg: Kausadun errebeldea https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2000/11/03
erreportajea
Mark Wahlberg: Kausadun errebeldea
Bostongo auzune txiro batean hazi zen Mark Wahlberg. Gazte nerabe bat baino ez zela, eskola utzi eta lapur eta droga saltzaile bihurtu zen. Hamasei urterekin atxilotu zuten eta esperientzia gordin hark bizimoduz aldatzera bultzatu zuen.


Musikak erakarrita, New Kids On The Block talde ezagunean aritu zen Donnie anaiarekin batera. Dena dela, berehala abandonatu zuen boskote melenga hura bere musika talde propioa sortzeko: Marky Mark and The Funky Bunch.
Hip hop zuriaren ordezkari izanagatik baino areago, musika emanaldi ororen erdian galtzak jaisteagatik erdietsi zuen arrakasta Wahlberg gazteak. Erakuskeria merke hark, ordea, mesede eginen zion. Lasterrera, galtzontziloak iragartzeko kontratatu baitzuen Calvin Klein barne arropako enpresa prestijiotsuak. Modeloaren lana jasangaitza zitzaion, baina. Ustiatuta sentitzen zuen usu bere burua eta nagusiekin izan ei zituen ika-mikak areagotuz joan ziren... guztiak antzarrak ferratzera bidali zituen arte.

Apurka-apurka, zinemaren munduan murgilduz joan zen Mark Wahlberg. The Basketball Diaries txukunak Leonardo DiCaprioren ondoan lan egiteko aukera eskaini zion arren, Boogie Nights apartak bilakatu zuen benetako aktore. Ikusleriak ezezik, kritikak ere laudatu baitzuen haren lana. George Clooneyrekin errodatu dituen Three Kings eta The Perfect Storm filmetan interpretazio hura ez zela kasualitate hutsa izan erakutsi berri du. Jokatu duen rolik zailena, ordea, The Corruptor filmeko poliziarena izan da Wahlbergentzat: "Lagun zaharrak dira ene miresle bakarrak. Kriminalak dira guztiak eta ez zitzaien rol hura gehiegi atsegin". Patuak patu, Wahlbergek aspaldi auzotik ihes egitea lortu bazuen ere, kausadun errebeldea izaten jarraituko du beti Mark Wahlberg bihurriak.