Maritxu nora zoaz eder galant hori? Arrasatera noa nahi baduzu etorri...

Maritxu nora zoaz eder galant hori? Arrasatera noa nahi baduzu etorri... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maritxu-nora-zoaz-eder-galant-hori-arrasatera-noa-nahi-baduzu-etorri/@@download/image/34p32-1.jpg
2003/10/03
erreportajea
Iraitz Agirre
Arrasaten, parrandarako egun ofizial larregi ez zegoelako sortu zen Maritxu Kajoi, "txikiteroen" zaindaria. Urriko lehen ostiralean egiten da urtero herriko gazteak dotoretzen dituen jai zoro hau. Hori piura gau amaierakoa!

Mende laurden pasatxo igaro da Maritxu Kajoi festa sortu zenetik, eta Maritxu maiteak hamaika mirari egin ditu orduz geroztik: iturritik ardoa aterarazi, ehundaka kondoi banatu, isilarazitako Egin-en azken ale berezia banatu, Jaizkibel konpainia Arrasateko kaleetan desfilatzen jarri... Preziatzen den amabirjin orok bezala, mirari franko egin du Maritxuk gurean. Askoren pozarako eta hainbaten ezin ulerturako; mirari laikoak ez omen dira-eta onargarriak.

Etxea hankaz gora
Arrasatearrek urriko lehen ostiralerako prestakuntzak denboraz hasten dituzte, ez baita erreza izaten "Maritxutan" afaritarako lekua topatzea. Hainbat koadrilak urtebete lehenago hartzen du tokia. Berantiarrenak, beraz, koadrilako bazkaria egitearekin konformatu behar! 

Maritxu Kajoi egunean ezinbesteko baldintza bakarra dotore jantzita irtetea da (eta eskapulaixua lepoan eramatea, noski!) Bezperan soineko, gorbata, alkandora, barruko arropak... plantxatu eta atondu behar izaten dira, zatarrenak ere dotore irten nahi izaten baitu. Bizarra egin, depilatu, ile orrazkerak pentsatu, aitaren ezkontzako jaka behin eta berriro probatu...Ikusten diren "modelitoak" ikusita, askoren etxean bezperako egunetan hori eta askoz gehiago izaten dela sinestea ez da aldrebesegia.

Eta biharamuna
Larunbat goizaldean, jaiaren biharamuna herriko kale guztietan usain daitekeen ordu horietan, herriak bere aurpegirik 'dotoreena' erakutsi ohi du, ordea. Bezperan ongi korapilatutako gorbatek buruaren inguruan bukatzen dute, urtean zehar armairuan gordetako zapata takoidunak zeharo lokaztuta... Zertarako ukatu: parrandaren ajeak horrelakoak izan ohi dira gurean! 

Biharamunak biharamun, etorkizunean pentsatzea garrantzitsu omen delako, mesedetxo bat ere eskatu nahi dugu:  Arren, ama, zeruan eta infernuan jar ezazu taberna bana! Nork daki! Ikusitako mirarien ostean...