Marion Cotillard: Inoren amets, besteen desira

Marion Cotillard: Inoren amets, besteen desira https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2010/12/03
erreportajea
Marion Cotillard: Inoren amets, besteen desira
Espaloi ertzean jarri. Eskua jaso. Eta oihukatu: "Taxi!" Agian Peugeot 406 zuria geratuko zaizu alboan. Hala bada, zeluloidezko ametsen mundurako bidaia hastear izan zintezke.

Luc Bessonek idatzia, Frantziar zinemak izan duen sagarik arrakastatsuenetakoari hasiera eman zion filma izan zen bai, Taxi (1998). Lilly, protagonistaren neska-laguna, zen Marion Cotillard. Zein baino zein pertsonaia barregarriagoz betea zegoen filma, baina Lillyk ematen zion kontrapuntu dramatikoak ekoizleen arreta bereganatu zuen. Hala, film andana etorri zen atzetik, tartean, Les jolies choses (2000) laudatua. Cotillardentzat Cesar sarietarako lehen izendapena.

Nazioartera jauzia Tim Burtonen eskutik etorri zitzaion. Big Fish (2003) ipuin ederrean ez zegoen Billy Cudrupentzat emazte frantziar egokiagorik. Hollywooden lekua egingo zukeen, baina Jean-Pierre Jeuneten esanetara lan egitea tentazio errefusaezina suertatu zitzaion. Amelie (2001) maitagarriaren arrastoari jarraiki, Un long dimanche de fiançailles (2004) epikoan Audrey Tautouren pareko aritu ostean, lortu zuen Cesar saria eskuratzea. Gehiago lortzerik?

Oscarra. Zergatik ez? Etxera bueltatu eta azken urteetan gogoratzen den biopic zoragarrienetakoan,  frantziar ikono maitatua, Edith Piaf, gorputzez eta arimaz berpiztu zuen. Aktoresa onenaren Oscar saria irabazi zuen, beste mito baten pare jarriz; Sofia Lorenek baino ez zuen lortu orduraino ingelesa ez den hizkuntz batean egindako film batekin halako balentriarik. Hollywoodeko hotelean luxuzko suitea bere izenean.

Maisurik handienak eta maitalerik desiratuenak atean zain. Michael Mannen esanetara Public Enemies (2009) elegantean Johnny Deppen iheslagun izan zen. Rob Marshallen aginduetara, aldiz, Daniel Day Lewisen emazte Nine (2009) musikal felliniarrean. Eta Christopher Nolanen eskutik, ezin ilunago ikusi ahal izan dugu urteko filmik interesgarrienetakoa den Inception (2010) thriller noir surrealistan, Leonardo DiCaprioren obsesio menderakaitz bihurtuta. Hurrenak? Woody Allenen Midnight in Paris eta Steven Soderberghen Contagion.

Nortasun Agiria


Izena: Marion Cotillard.
Jaioteguna: 1975-09-30.
Jaiolekua: Paris (Frantzia).
Ezizena: La Marion.
Mutil-laguna: Guillaume Cantet aktorea.
Aktibismoa: Greenpeaceko kidea.
Musikari estimatuena: Janis Joplin.
Maite du: Garai bateko bainujantziak.
Gorroto du: Famatuen inguruko txutxumutxuak.