Maribel de Iriarte: “"Gu izan ginen minigona erabiltzen lehenak”"

Maribel de Iriarte: “"Gu izan ginen minigona erabiltzen lehenak”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maribel-de-iriarte-quotgu-izan--ginen-minigona-erabiltzen-lehenakquot/@@download/image/20111147636mari_1361228053.jpg
2011/11/04
elkarrizketa
Maribel de Iriarte: “"Gu izan  ginen minigona erabiltzen lehenak”"
The Sparteens taldeko abeslariak darabilen estetika otzanaren azpian animalia beroa ezkutatzen da. Ala ez...

Aizu, nolakoa da ye-ye larrujotze bat?
Nire zaleak guatekeetan kantatzen entzuten ditudanean bezalakoa: momentu magiko eta ahaztezina!

Nola hurbildu beharko luke zuregana konkistatu nahi zaituenak?

Ohiko eran: lore sorta batekin eta txukun-txukun kotxez nire bila etorrita; aitarekin hitz egin eta gero, noski.

Noiz lotsa edo ahalke gehiago: 60ko hamarkadan ala orain?

Agian lehen lotsatiagoak izango ginen, baina minigona eta bikinia gure belaunaldikoek asmatu genituen… Dena dela, oraingoa gehiegizkoa da! Gaurko gazteek sekulako tripako minak harrapatu behar dituzte prakak hain behean eramanda!

Une intimoetan... ilea askatzen du Maribelek, ala motots handi horrekin heriotzeraino?

Edozein egoeratan orrazkera ezin hobea mantentzea lehentasuna da… baita zure garaiko gazteen artean ere! Zuk ez al duzu flekilloa zaintzen larrua jotzen duzunean?!

Eta zein da zuretzat opari hobea: lore sorta ala txinatar bolak? Txinatar bolak?

Petanka ondo ezagutzen dut, Marseilako laguntxo bat izan nuen gaztetan. Baina txinatar joko horretan ez naiz sekula aritu...

Bertsionatu dituzun musikari guztien artean, nor aukeratuko zenuke gau ero baterako?

Curt Cobainekin sakontzea gustatuko litzaidake, baina tamalez... gurasoek ez lukete inoiz bere orrazkera onartuko.

Eta, nora eramango zenuke xirriak egitera?

Zazpigarren zerura!

Baina, bakarrik zure giro eta estetika berekoak gustatzen zaizkizu?

Aitortu behar dizut... mutil gaiztoren batekin hitz egiteko tentatuta ibili naiz. Tupea, larruzko txupa eta kateak zituen rocker bat begiratu nuen egun batez. Baina ez esan besteei mesedez.

Bukatzeko: aitortuko diguzu aitortu ezin duzun bekatu hori?

Hum... amodiozko izkutuko istorio bat bizitzen ari naiz taldeko kide batekin, baina ezin gehiago esan...