Maria (Siroka): "“Gure kantu berriek bizitzako lehentasunak islatzen dituzte”"

Maria (Siroka): "“Gure kantu berriek bizitzako lehentasunak islatzen dituzte”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maria-siroka-quotgure-kantu-berriek-bizitzako--lehentasunak-islatzen-dituztequot/@@download/image/2011621022sirok_1361377886.jpg
2011/06/03
elkarrizketa
testua: Igone Fernandez Argazkiak: Alfredo Ramirez
Maria (Siroka): "“Gure kantu berriek bizitzako  lehentasunak islatzen dituzte”"
Talde bizkaitarrak maiatza hasieran kaleratu zuen bigarren lana: "Karosi". Bereziki "Bihotzetatik Zintzilik" kantuari esker ezagutu genuen laukoteak lehentasunetan oinarritutako disko-liburua atondu du. Creative Commons lizentziapean egin dute eta MusikHerria zigiluarekin.

Lehenengo diskoa –"Haize berriak"– kaleratu eta urte eta erdira bigarrena prest izatea ez da seinale txarra.
Orain arte egindakoarekin oso pozik gaude. Zuzeneko bat ere egin gabe atera genuen lehenengo diskoa eta harrezkero 30 kontzertu baino gehiago eman ditugu Euskal Herri osoan zehar. Jendearen erantzuna primerakoa izan da, oso gustura sentitu gara guztietan eta horrek eman digu indarra bigarren lan hau argitaratzeko.

Zer duzue eskaintzeko?


Disko honetan bederatzi abesti bildu ditugu, guztiak berriak dira bat izan ezik. Azkeneko bonus track hori Bihotzetatik zintzilik abestia da, Etxerat elkartearekin batera kaleratu genuena, honetan ere entzungai. Kantu berriek askotariko gaiak jorratzen dituzte, baina denek daukate zerikusia lehentasunen kontuarekin, bizitzan lehentasunak finkatzera behartuta baikaude etengabe. Estiloari dagokionez, askotarikoak nahastu ditugun arren, rocka dugu oinarri eta rocka da nagusi.

Disko-liburua dakarzue. Zer bilduko du liburuak?

Abesti bakoitzak, lehentasun bakoitzak, ipuin osagarri bat dauka. Karosi iloba eta Rosika amama protagonistek dituzten elkarrizketen bidez hartzen du bizitza gai bakoitzak. Marrazkiak Ibon Sanchezenak dira, eta oso lan polita, hunkigarria eta didaktikoa lortu dugula uste dugu. Zer esango dugu ba!

Aspektu musikalari dagokionez, zeinekin egin duzue lan?

Lehenengo zortzi abestiak Urdulizeko Tio Pete estudioan grabatu ditugu Karlos Zubiaga teknikoaren eta Jabi Palacios produktorearen eskutik, baina Bihotzetatik zintzilik bonus track hori Andoaingo Garate estudioan landu genuen.

Eta, zergatik MusikHerria?

Oso lotura estua dugu MusikHerriarekin. Duela bost urte MH sortu zenetik, Ekaitz (gitarra) eta Gorka (bateria) burubelarri ibili dira proiektu horretan; ni geroago sartu nintzen. Musika ekoizteko eta kudeatzeko existitzen den gaurko eredua aldatu daitekeela sinesten dugu, horregatik taldekideon aurreko disko ia guztiak MHrekin ateratakoak dira, Sirokaren lehena barne. Musikaren industrian asko dago aldatzeko eta guk gure aletxoa jarri nahi dugu.

Kolaboraziorik?

Musika aldetik ez, baina Ruben Rivero, Mikel Etxaburu, Jone Uria, Beñat Hach Embarek eta Gotzon Barandiaranen laguntza jaso dugu beren hitz zoragarrien bitartez. Eta esan gabe doa marrazkiekin, maketazioarekin, bideokliparekin –Markos Arroyok zuzendu du– eta prozesu osoan zehar alboan izan ditugunek ere osatzen dutela Siroka familia!

Nola espero duzue erantzungo duela publikoak?

Aldaketa nabariak egin ditugu, ez bakarrik estiloan, baita ere itxurari dagokionez, eta espero dugu publikoak gozatzea zuzenekoekin. Lehenengo lanarekin bizitakoa, behintzat, ikaragarria izan da. Jendea kontzertuetan gure abestiak kantatzen entzutea oparirik onena da, eta Musikaz gozatu abestia eskaini diegu. Sareari esker ere ikusi dugu badela gertutik jarraitzen gaituen jendea.

Ze publiko mota sumatzen duzue nagusiki?

Gure koadrilakoak batez ere –barrez–! Ez, egia esan, orokorrean jende gaztea izaten da. 30 urtetik gorakoak ere sartzen ditugu hor, e!

Diskoaren merkaturatzeak bat egingo du denboran festa sasoiaren hasierarekin, ez da txarra.

Bai, dagoeneko badauzkagu zenbait kontzertu lotuta hemendik irailera bitarte ere. Euskal Herri osoan zehar festarik festa uda pasatzeko asmoa dugu, ez da plan txarra, ezta?

Eta, kanpora ateratzeko asmorik duzue?

Aukera baldin badago, prest gaude. Baina oso zaila ikusten dugu, guztiok dugulako beste lan bat eta horrek, jakina, aukerak murrizten ditu.

Bideoklipa ere grabatu duzue. Zer moduzko esperientzia izan da?

Egia esan guk ikusle moduan bizi izan dugu guztia. Markos Arroyo zuzendariaren laguntza paregabea izan dugu, bera arduratu da denaz. Azaldu diren aktore gehienak gure lagunak dira eta grabazioa oso dibertigarria izan da.