Maria Lopez de Eguilaz: "Munduko golik hoberena geratzea da nire ametsa"

Maria Lopez de Eguilaz: "Munduko golik hoberena geratzea da nire ametsa" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maria-lopez-de-eguilaz-quotmunduko-golik-hoberena-geratzea-da-nire-ametsaquot/@@download/image/2012442615maria_1360711489.jpg
2012/04/06
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi
Maria Lopez de Eguilaz: "Munduko golik hoberena geratzea da nire ametsa"
Ez da ez makala 27 urteko belar hockeyko atezain getxostar honen ibilbidea: azken bi urteetan Rrealeko neskek bigarren postua lortu dute Espainiako ligan, eta asteburu honetan Europako Kluben arteko Txapelketa jokatuko dute Donostian. Ilusioz eta gogo biziz espero dute zita handia, beren esku dagoen guztia emateko prest.

Maria Lopez de Eguilaz, baina, estatuko selekzioko atezaina ere bada, eta orain bi aste Belgikan egon zen Londresko Olinpiar Jokoetara joateko aurre txapelketa jokatzen; handik esku hutsik itzuli dira, eta horregatik, esperantza guztiak Realean jarri ditu, emaitza on bat bilatzeko asmoz. GAZTEZULOk bere jai egunean harrapatu du, partiduak hasi aurretik azken indarrak hartzen.

Ostiralean duzue Europako Kluben arteko txapelketako lehen partidua. Zer moduz dago taldea?

Ilusio eta motibazio handia dugu. Gure taldean inork ez du sekula Europako txapelketarik jokatu, eta horren aurrean oso pozik gaude.

Zeintzuk dira zuen punturik indartsuenak?

Ni, egia esan, nahiko lanpetuta ibili naiz azken aldian selekzioarekin nituen konpromisoak direla eta, baina esango nuke gure alderik indartsuena talde izaera dela. Zelaian gaudenean hamaika jokalariok jokatzen dugu, eta denok denongatik egiten dugu lan, ez nork bere buruagatik. Elkarrekin defendatzen dugu, eta ongi kokatzen gara aurkariaren aurrean. Gainera, guk geuk badakigu zeintzuk diren gure alde onak eta txarrak, eta daukagun horretatik etekina ateratzen saiatzen gara.

Eta zeintzuk dira zuk aipatu dituzun alde txar horiek?

Beharbada, ez dugula jokalari erabakigarririk, momenturik zailenetan dena bere esku utzita edozer egiteko gai den horietakorik; beste talde askotan badaude halakoak, baina gurean denok denon beharra dugu.

Talde oso gaztea osatzen duzue, gainera; beharbada, hori izango da txapelketa honetan gainditu beharko duzuen erronka nagusia…

Beno, oso gazteak gara, baina urte asko daramatzagu elkarrekin eta nahikoa esperientzia dugu. Oso ongi ezagutzen dugu elkar; badakigu albokoa nolakoa den, eta gazteak garen arren nagusiagoen ezagutza dugula esango nuke.

Zuk Espainiako selekzioarekin hainbat partidu jokatu berri dituzu, baina  ligari dagokionez, abenduaz geroztik ez duzue Realarekin partidurik jokatu.

Nire kasuan halaxe da, bai, baina gainerakoek lagun arteko partiduak jokatu dituzte hilabete hauetan, mutilen aurka, bereziki.

Beraz, ongi prestatu dira!

Ez dute entrenamendua egun bakar batez ere galdu!

Horixe galdegin nahi nizun…

Fisikoki oso indartsu daude, esan bezala, bakar batek ere ez duelako lan saioetara kale egin. Ilusio handia dugu.

Eta zein aurreikuspen egin dituzue? Zein postutan geratzea espero duzue?

Gure helburua hurrengo fasera pasatzea da. Asteburu honetan bi talderen aurka jokatu beharko dugu, eta hiruon artean puntu gehien lortzen dituzten biak hurrengo fasera pasako dira. Ez dugu lan makala, zazpi aldiz Europako txapeldun izan den talde holandarraren aurka jokatuko baitugu, eta Azerbaijango taldea ere, funtsean, herrialde selekzioa da. Beraz, gogor lan egin beharko dugu.

Eta orotara zenbat taldek parte hartuko duzue?

Ez dakit ziur zenbat garen, baina Donostian sei taldeko jokatuko dugu asteburuan, bi multzotan banaturik. Belgikan beste seik jokatuko dutela uste dut; beraz, hamabi izango garela suposatzen dut.

Animo ba, orduan! Zu, baina, zazpi urterekin hasi zinen hockeyan, ezta?

Bai, Getxoko Jolaseta klubean hasi nintzen, urte hartan zelaia berritu zutelako eta horren harira iragarki ugari egin zituztelako, jendeak izena eman zezan. Adin hartan kirol askotan aritzen nintzen, eta hockeyan ere izena eman nuen. Etxera iritsitakoan gurasoei egindakoaren berri eman nien.

Beraz, beste edozein kirol izanda ere, izena emango zenuen…! Baina atezain postua, nolatan?

Beharragatik izan zen! Hamar bat urte izan arte aurrelari postuan jokatu nuen, baina Espainiako txapelketara joan baino lau egun lehenago gure atezainak besoa hautsi zuen, eta postu horretara erraz moldatuko zen norbait behar genuen. Ni futbolean, tenisean, judoan, eta beste mila kiroletan ibiltzen nintzenez, pilotak gelditzen ere azkar ikasiko nuela pentsatu zuen entrenatzaileak, eta halaxe izan zen. Geroztik ez naiz atetik irten.

Atezain izateko, dena den, erotasun puntu bat behar dela entzun izan dut nik…

Jende guztiak dio beste kasta betakoak garela, eta arrazoi dute. Oro har, jendea atean jartzen denean eta pilotak jaurtitzen dizkiotenean kendu egiten da; gu, aldiz, erakarri egiten gaituzte, eta haien bila joaten gara. Ateko sentsazioak asko gustatzen zaizkit, eta golak sartzen baino gehiago gozatzen dut horiek geratzen. Izan ere, aurrelaria nintzenean sartu izan nituen, eta badakit zer sentitzen den.

Partidua atzeko aldetik ikustea berezia izango da…

Ezintasun handia sentitzen dut askotan, jokalariak jokatzen ari direnean ezin diedalako lagundu. Gehienez ere markagailua 0-0 utz dezaket, baina ezin dut punturik lortu, golik sartu. Eta are okerragoa izaten da niri golak sartzen dizkidatenean eta jokalariek beste taldeari sartzen ez dizkiotenean!

Atezain izatearen alderik gogorrena, zein dela esango zenuke?

Jokalari batek huts egiten badu, atzean beste hamar lagun ditu berak egindako akats hori zuzentzeko; baina atezainak ez, huts bakoitza gol ba delako.

Eta alderik hoberena?

Interneten aurkitu nuen esaldi batek honela dio: "Gehienek munduko gol hoberena sartzearekin egiten dute amets; nik munduko gol hoberena geratzearekin amesten dut". Nik, hain zuzen, horixe pentsatzen dut; pilota bat geratzen dudanean eta aurkarien atsekabe aurpegiak ikusten ditudanean zoriontsu sentitzen naiz. Hori da niri gustatzen zaidana!

Zeintzuk dira zure dohainik esanguratsuenak?

Erreflexuak eta sentipenengan dudan konfiantza. Jende askok esaten dit erraztasun teknikoa dudala, eta nire mugimenduak ederrak direla. Baina nik askoz konfiantza handiagoa dut momentuan sentitzen dudan horrengan eta erreakzioengan.

Horiek funtsezkoak dira, bai. Dena den, txoritxo batek esan dit atezainen guardak beti orden berdinean jartzen dituzula…

Bai, hala da!

Zergatik? Zelaira atera aurretik zorte ona emateko kirolariek izan ohi duten mania horietako bat al da?

Niretzako kontzentrazio metodo bat da, baina era berean, horrela egin beste modurik ez dudalako jarraitzen dut ordena jakin bat! Azken batean, guardetako pieza bakoitzak bere tokian joan behar du, eta ezin duzu gainean jarri beharreko bat azpikoa baino lehenago lotu: eskuineko hanka lehenengo, ezkerrekoa gero; segidan ilea jasotzen dut, eta ondoren petoa jarri. Maniagatik? Ez, petoa jarrita ez naizelako ilea jasotzera iristen!

Beraz, ez zara maniatikoa?

Ez, ez naiz!

Maniatikoa ez, baina egia da ia egunero bidaia berdina egin behar izaten duzula Getxotik Donostiaraino entrenatzera joateko, ezta?

Bai, astean hiru bat alditan joaten naiz Donostiara. Azken urteetako A-8 lanak nik finantzatu ditudala uste dut! —barrez—.

Gogorra egingo zaizu…

Bai, momentuaren arabera, baina askotan bai. Dena den, hockey-a gustatzen zaidalako egiten dut.

Reala albo batera utzita, Espainiako Selekzioan ere atezain titularra zara. 2005ean hasi zinen mailarik gorenean, baina aurrez ere jokatu zenuen hamasei, hemezortzi eta hogeita bat urtez azpiko taldeetan.

Hamasei urtez azpiko selekzioan hamabi urterekin sartu nintzen, eta geroztik taldez talde igaro naiz, hogeita bat urte bete nituen egunean mailarik altuenean nire debuta egin nuen arte.

Nola gogoratzen duzu aipatu berri duzun debut hori?

Oso urduri nengoen, eta nire urtebetetze eguna zenez, Ingalaterraren aurkako partiduan bost minutu jokatzen utzi zidaten. Zoragarria izan zen!

Emaitza ongi gogoratuko duzula suposatzen dut…

4-1 galdu genuen! —berehala erantzun du—.

Eta zuri golik sartu al zizuten?

Bat! Eta ez zizkidaten gehiago sartu denborarik izan ez zutelako —barrez—. Baina oso pozik geratu nintzen.

Egia esan, geroztik pixkanaka selekzioko atezain titularra izatea lortu duzu…

Iraunkortasunaren emaitza izan da, urte askoan itzaletan egon ondoren, argitara ateratzea lortu dudalako. Hau da nire momentua.

Zure ametsa Olinpiar Jokoetan domina bat lortzea da.

Nik uste kirolari ororen ametsa dela, lor daitekeen helbururik zailena baita.

Dominarik ekarri ez bazenuen ere, Beijingo Olinpiar Jokoetan izan zinen, gutxienez.

Bizi izan dudan esperientziarik onena izan zen. Bertara joan aurreko sailkapen partiduetan hainbat arazo izan genituen —ustez, Azerbaijango selekzioak pozoitu egin nahi izan zituen—, eta hori gogoratzeak min egiten dit oraindik, baina ondoren etorri zenak erabat ezabatu zituen momentu txar horiek.

Londresera, baina, ezingo duzue joan…

Ez, eta pena handia izan da. Orain burua hozten saiatu behar dut, Errealarekin jokatu behar dudan txapelketa honetan kontzentratuko naiz, eta bizitako esperientziatik ikasiko dut.

Brasilen 2016an egingo diren Olinpiar Jokoetara, behintzat, joateko esperantzak ez zenituen galduko…

Ezta pentsatu ere! Bertan erretiratzea gustatuko litzaidake, eta horregatik, nire esku dagoen guztia egingo dut.

Zein da zelai gainean gogoratzen duzun momenturik garrantzitsuena?

Azken bi urteetan Rrealarekin jokatu ditugun playoffetarako paseak. Une gogoangarriak bizi izan ditugu denok elkarrekin, eta ezin ditut sentitu nituen emozioak deskribatu ere egin.

[Espainiako ligako irabazlea erabakitzeko, sailkapenean lehen lau postuetan geratu diren taldeen artean playoff izeneko txapelketatxoa jokatzen da: lauren arteko ligaxka moduko horretatik irteten da azkenik ligako irabazlea. Erreala bi alditan iritsi da playoffetara azken bi urteetan, eta bigarren postua lortu du bietan]

Eta momenturik txarrena?
Belgikan berriki bizi izan ditudanak. Oso txapelketa gogorra izan da, oso zaila, eta bi atezainok %50an aritu gara lanean. Arraroa izan da, lau urteren ondoren Olinpiar Jokoetan parte hartuko ez dugula jakitea oso gogorra izan baita. Baina orain Realean pentsatzen jarriko naiz, eta taldearekin emaitza onak lortzea izango da nire helburua.