Maria Lapiedra: "Orgasmoa litzateke Katalunia burujabe izatea"

Maria Lapiedra: "Orgasmoa litzateke Katalunia burujabe izatea" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maria-lapiedra-quotorgasmoa-litzateke--katalunia-burujabe-izateaquot/@@download/image/20113313732mari_1361475611.jpg
2011/04/01
elkarrizketa
Testua: Raul perez
Maria Lapiedra: "Orgasmoa litzateke  Katalunia burujabe izatea"
Maria Pasqual Garcia. Maria Lapiedra. Mollerusako alaba. 26 urte. "follar te vuelve loco" biografia idatzi du, eta ikuskizun beroa egitera etorri berri da Azpeitira. Hainbat aldizkari eta telebista katetan dena erakutsi ondoren, GAZTEZULOren txanda da. Ea ba…

Filologia kataluniarrean lizentziaduna, aktorea, idazlea… Hori da hori koktela!
Pornografia idaztea gogoko duen aktore erotikoa naiz. Bai, filologia kataluniarra ikasi nuen, baina interpretazioaren mundua atsegin nuela konturatu nintzen, eta sasi famatuen munduak badu interpretaziotik!

Larrua jotzeak erotzen zaitu, diozu. Zergatik?

Eskola erlijioso batean ikasi nuen eta sexua txarra zela esaten ziguten, sexuak nota onak ateratzea galaraziko zigula, adibidez. Nik sexua probatu nuen eta nota onak ateratzen jarraitzen nuela ikusirik, ba muturrera eraman nuen sexu zaletasuna, eta horrek erotu zaitzake.

Ba gurean kostata egiten omen dugu larrutan…

Ba oso osasuntsua da! Txortan asko egin behar da. Sexualki aktiboak direnak zoriontsuago bizi dira.

Azpeitiko show erotikoan beste emakume batekin aritu ziren oholtza gainean. Aukeran, lankidea emakumezkoa ala gizonezkoa.

Ez zait axola, baina hori bai, oholtzatik kanpo, gizonezkoa.

Aizu, ba al dago horrelako ikuskizunak entseatzerik?

Hiru urte daramatzat lan honetan, beraz, ez dut behar.

Hamaika ikusitakoa izango zara…

Noiz edo noiz mozkorren bat igo dut oholtza gainera eta eskua sartzen ahalegindu da txoko guztietatik. Horrelakoetan, masailekoa eman eta kitto. Ondo gobernatzen ditut!

Larrutan egin duzun toki bereziena?

Taxi batean, nire orduko mutil lagunak –Diniok–  eta biok Bartzelonari bira ematen genion bitartean.

Batu ditzagun sexua eta politika. Independentista zarela esan izan duzu. Katalunia burujabe izatea orgasmoaren parekoa litzateke?

Askoz hobea!

Non dago itxurakeria gehiago, zinema pornoan ala politikan?

Politikan dudarik gabe; hori bai pornografikoa!

Eta orgasmo hori, alegia, Katalunia independiente izatea, gertu ala urrun dago?

Zaila da, CIUko Artur Masek dio baietz, independentziaren alde egin behar dela lan, baina inoiz ez ei da mementu aproposa horretarako. Hala ere, ikusten dut PP independentistak sortzeko makina bat dela. Espainiako hauteskundeak irabazteko irrikitan nago, izan ere, kataluniar askok Raxoik gure kontra egiten duela ikustean are jarrera argiagoa izango dute independentziaren alde.

Plazara atera berri duzun liburua katalanez irakurtzeko aukerarik izango al da?

Bai, apirilaren 23an, San Jordi egunean, egongo da salgai katalanez. Liburu are mardulagoa izango da; bertan, hainbat pertsonaia ezagunekin izandako harremanez jardungo naiz.

Bukatzeko, burutu gabeko fantasia erotikoren bat kontatuko al diguzu?

Badakit batzuei sinesgaitza izango dela, baina denak gauzatu ditut. Eta bidean ikasi dut disfrutatu behar dela, baina aldi berean tentuz jokatu behar dela; famaturen batekin oheratu ostean oso gaizki pasatu dut.