Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni arte ekoizle eta editoriala dira Gure Artea saridunak

Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni arte ekoizle eta editoriala dira Gure Artea saridunak Herrerok ibilbide artistikoa, Nora Aurrekoetxeak sorkuntza-lana, eta Consonnik arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria jasoko dute udazkenean Tabakaleran. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mari-puri-herrero-nora-aurrekoetxea-eta-consonni-arte-ekoizle-eta-editoriala-dira-gure-artea-saridunak/@@download/image/n770_zupiria_gure_artea_sariak.jpeg
2022/07/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Herrerok ibilbide artistikoa, Nora Aurrekoetxeak sorkuntza-lana, eta Consonnik arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria jasoko dute udazkenean Tabakaleran.
Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni arte ekoizle eta editoriala dira Gure Artea saridunak

Gure Arteak arte plastiko eta ikusizkoen arloko sariak ematen ditu eta aurtengoan Damaris Pan, Fernando Perez, Jesus Mari Lazkano, Maite Garbayo eta Mikel Lertxundi aritu dira epaimahai lanetan. "Arte garaikideak gure gizartean eta kulturgintzan duen garrantzia eta eragina nabarmendu, aitortu eta saritzeaz gain, epaimahaiak sarituengan eta beraien lanarengan nabarmendu nahi dituen balio eta ekarpen artistiko eta profesionalak euskal gizarteari jakinarazi nahi dizkiogu", azaldu du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Mari Puri Herrero artista bilbotarrak jasoko du ibilbide artistikoa aitortzeko saria. Epaimahaiak Herreroren "obra zabala" eta bere “kalitate artistiko bikaina" nabarmendu ditu. "Jardunean jarraitzen duen sortzaile berezia da—margolaria, grabatzailea eta eskultorea— eta bere obra irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Bere obrak figurazio liriko, poetiko bat islatzen du eta erreferentzia sinbolikoz betea dago”, azaldu dute. XX. mendeko artea ulertzeko funtsezko figura bat dela eta artearen trantsizio-aldi bat bultzatu zuen belaunaldiko kidea ere badela adierazi dute, eta ikonografia pertsonal bat sortu izana balioetsi dute. Artearen hainbat arlotan egindako lana eta ikerketa ere azpimarratu du epaimahaiak.

Sorkuntza-lana aitortzeko saria Nora Aurrekoetxea bilbotarrarentzat izango da. Epaimahaiaren hitzetan, “egungo euskal eskulturaren ordezkari nagusietako bat da. Bere lanak eraginkortasunez lotzen ditu artista prestatu izan den diziplina desberdinak (Arte Ederrak, Psikologia eta Sexologia), giza harremanen alde emozionalean eta harreman horiek espazio intimoarekin duten interakzioan sakontzearren. Eskulturaren arloan, nagusiki instalazioen sorkuntzan oinarritzen da bere lana. Horietan hainbat lengoaia uztartzen ditu, besteak beste, testua, performancea eta objektuak —gehienak berak sortuak baina beste batzuk eraldatuak edo testuingurutik atereak—, bere azterlanekin lotutako gaiei buruzko hausnarketa sakonen zerbitzura jarriak, eta gorputzek arkitekturarekin duten harremana aztertzera ez ezik, zeinu eta keinu erritualak edo egunerokoak osatzera ere eramaten dutenak. Hala ere, azterlan horren emaitzek saihestu egiten dute ondorio itxiak ateratzea, askotariko esanahiak eta irakurketak eragiteko asmoz”.

Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko Gure Artea saria, berriz, Consonni arte garaikideko ekoizle eta argitaletxe espezializatuak jasoko du. Consonnik hogeita bost urte daramatza euskal artearen panoraman lanean. Epaimahaiak azpimarratu duenez “kultura kritikoaren ekoizpena” da bere esentzia: “Kultura kritikoa hainbat euskarritatik eta askotariko testuingurutan ekoizten du. Artea eremu hedatu gisa hartuta —literatura, irratia edo hezkuntza—, ehunka jarduera sortu eta bultzatuta, testuinguruko agenteak, publikoak eta artistak erlazionatuta, lurralde-ikuspegi zabal, estetiko eta politiko batetik, artearen eremuari eta haren ertz desberdinei lotuta. Artistei ekoizpen-prozesuetan laguntzeko asmoz sortu zen, haiekin lotura konplize eta estuan, baita prozesuen koiunturazko zirkunstantzietan laguntzeko ere, pentsatzeko, elkarrekin egiteko, ekoizteko, laguntzeko, erakusteko, artxibatzeko eta erlazionatzeko kode bat sortuta”.

Sari-emate ekitaldia udazkenean
Sorkuntza laneko saridunak eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lanarenak 18.000 eurona jasoko dute eta ibilbide artistikoa aitortzeko saridunak, aldiz, 20.000 euro jasoko ditu, aurreko edizioetan baino 2.000 euro gehiago. Sariak emateko ekitaldia udazkenean egingo da Donostiako Tabakaleran.