Mar de Dios artista bilbotarraren 'Batzuk' erakusketa zabaldu dute Donostiako Tabakaleran

Mar de Dios artista bilbotarraren 'Batzuk' erakusketa zabaldu dute Donostiako Tabakaleran Elkarrizketan ari diren zeramikazko objektuek osatzen dute erakusketa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mar-de-dios-artista-bilbotarraren-batzuk-erakusketa-zabaldu-dute-donostiako-tabakaleran/@@download/image/9l2a8630.jpeg
2023/02/10

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Elkarrizketan ari diren zeramikazko objektuek osatzen dute erakusketa.
Mar de Dios artista bilbotarraren 'Batzuk' erakusketa zabaldu dute Donostiako Tabakaleran

Zeramikazko eskulturak biltzen ditu Lau Pareta aretoan kokatutako erakusketak. "Ziurtasunetik, ikasitakotik eta espero daitekeenetik aldentzen diren objektuak" dira, "ezberdintasuna, ustekabea edo ezin izendatu daitekeen edertasuna bilatzen dutenak".

Ane Lekuona ikerlari hondarribitarra da erakusketaren komisarioa eta haren hitzetan, "Batzuk erakusketak ezagunaren esparrua zabaltzea bilatzen du, beste fikzio eta irudikapen posible batzuk irudikatzea, eta pentsamendua sortzeko beste modu batzuei buruz hausnartzera gonbidatzen du. Erakusketa hau gorputzaren ohiko abiadura moteltzeko eta beste imajinario posible batzuk aktibatzeko gonbidapena da".

Mar de Dios artista bilbotarra Arte Ederretan lizentziaduna da eta zeramika eta artea ikertzeko masterrak egin zituen. Hainbat erakusketa egin ditu, tartean Bilbon, Donostian, eta Londresen. Funtzionaltasunaren eta kontenplazio hutsaren artean mugitzen da artista, eta bere piezen artean diseinuzko objektuak eta eskultura autonomoak daude.

Tokiko talentua bultzatu nahian
Proposamen honekin, Tabakalerak programazio-ildo berria abiatu du, euskal testuinguruko komisario eta sortzaile berriei plataforma bat eskaintzeko eta sorkuntzari laguntzeko. Urtero, tokiko euskal artistek komisariatu eta sortutako erakusketa bat programatuko du egitasmoak.