Manipulazioak joan, manipulazioak etorri

Egia esan, zuei "Barnetegia"-ri buruz hitz egitea erabakita neukan. Baina Espainiako hauteskundeak heldu ziren, eta, batez ere, hedabideak boterearentzat norainoko tresna diren modurik gordinenean ikusteko eguna: martxoak 11.
Hitz hauek idazten ari naizenean, Espainiako hainbat hedabidetako kazetariak bilera egitekotan dira, Moncloatik aspaldi ez bezalako presioa egin dietela salatzeko edo. Ez dakit Aznarrek zuzenean deitu ote zion ETBko zuzendariari M-11 hartan. Beste hainbati deitu omen zion. Aznarrek deitu ala ez deitu, PPren gezurren oihartzun huts bilakatu zen hasieran ETB. Hori da kontua, eta zerbait adierazten du.
"Informazioa beti egiaztatu behar da", irakasten dute oraindik kazetaritza fakultate guztietan. Irakaspen hori informatzen gaituzten kazetari gehienen gida-liburuetatik zergatik desagertu den, kontraste falta kroniko hori nori interesatzen ote zaion eta horrek gure gizartean zein ondorio dituen aztertu, gogoeta sakona egin behar genuke guztiok, Canal Pluseko txotxongilo horien moduko aurpegiarekin gera ez gaitezen manipulazioak joan, manipulazioak etorri.
Eta 2001eko irailaren 11 hartan bezalaxe, euskaldunok ez genuen erdarazko kateetara joan beste aukerarik izan egia biribila hori Madrilen gertatu berri zenaz informazioa jasotzeko. Duela bi urte eta erdi, gainerako kate guztiek New Yorkeko Dorre Bikiei begira jarri zituzten berehala albistegi bereziak. ETB1en, berriz, Afrikako felinoei buruzko dokumental bat eman ziguten. Gauza beretsua egin du martxoaren 11ko goizean. Euskaldunok, nonbait, ez dugu informazioa zuzenean euskaraz jasotzeko adina meriturik egiten, ETBko arduradunen ustez.
Dieudonne debekatua

Dieudonne komikoaren saioak debekatu egin dituzte France Televisions-eko kateek, France 3n judutar ortodoxoei trufa egin zielako. France 3ko zuzendariak eta komikoak barkamena eskatu dute. Hala ere, herritarren %60ak uste du komikoek nahi dutena esateko eskubidea dutela horrelakoetan.
Txostena TVEren aurka

Txostena zabaldu diote TVEko Un, dos, tres saioari, bertan ari diren bi aktore nanok nanoen kolektiboa iraintzen dutelakoan. Txostena dela eta, bi nanoen emanaldiak bertan behera uztea erabaki dute.