Maniak, zein da zurea?

Maniak, zein da zurea? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maniak-zein-da-zurea/@@download/image/37p20-1_1368527230.jpg
2004/01/02
erreportajea
Unai Brea
Maniak, zein da zurea?
Guztiok dakigu, gutxi gorabehera, zer den mania, baina mania berbak esangura mordoa biltzen du. Zer ote dira, zehazki, maniak? Zelan eragiten digute?

Nork ez du, edo eduki du noizbait, maniaren bat edo beste? Maniak gure bizimoduaren zati garrantzitsua dira, ia-ia arnasa hartzea edo jatea beste. Ilea behin eta berriz ukitzea, gauzak beti modu jakin batean antolatzea, kolore jakin bateko jantzirik ezin janztea, eskuak eta gorputza edo gauzak behin eta berriz garbitzea, ispilura begiratzea… etengabe egiten ditugun gauzak dira, eta antza denez, beharrezkoak ditugu gure oreka psikologikoari eusteko. "Maniak ez dira gaixotasunak", diosku Nagore Etxebarria psikologo getxotarrak, "baina baliteke une batean maniek gu gainditzea eta orduan bai, arazo izatea". Hala gertatzen denean mania obsesio bihurtu da.

Estresa eta tentsioa gainditzeko

Mania, kalean erabiltzen den esangura zabalean, ideia finko baten modura har daiteke, errealitatearekin lotura zuzena ez duen erritu edo keinu bat, baina ezinbestean bete behar duguna.

Zein helburu eduki dezake, esaterako, edozer jan ostean, gailetarik xumeena bada ere, hortzak garbitzeak? Edo mikrouhin labeko atea beti irekita (edo itxita berdin dio) eduki beharrak? Itxuraz, bat ere ez, baina keinu eta usadio horiek badute funtzio bat, Etxebarrik dioenez: "Estresa eta tentsioa askatzeko moduak dira". Beraz, osasuntsua ei omen da maniak izatea. Arazoa, sarritan, albokoaren maniak ezin jasatea izaten da. Izan ere, errezagoa da norberaren maniak onartzea gainerakoenak baino, psikologoen arabera. Eta bikote bat baino gehiago banatu da horregatik.

Mania obsesio bihurtzen denean

Esan bezala, maniak beharrezkoak dira oreka psikologikoari eusteko, baina mania obsesio bihurtzen denean, kontua oso bestelakoa da. Izan ere, obsesioak geure bizitza modu arruntean garatzen uzten ez diguten maniak dira. Geure bizimodua guztiz eraldatzen dute, obsesioen menpe dago eta egiten dugun guztia. Pentsa: egunean ehundaka bider atea ireki eta itxi behar duenak, edo gela batera sartzen den bakoitzean argia 10 aldiz piztu eta amatatu behar duenak, nola edukiko du beste kontu batzuetarako denbora? Maniak, beraz, ondo daude eragozpen gehiegirik eragiten ez diguten bitartean. Zuk baduzu baten bat? Zein da zurea?

Napoleon, Hitler…

Maniak izatea, beraz, ohikoa da. Eta historiak eman digu "maniadun" pertsonaia bat edo beste. Ezaguna da, esaterako, Napoleon Bonapartek eskua jakaren azpian sartuta erakusten digun irudia; teoria mordoa plazaratu da horren inguruan, keinu hori zauri baten ondoriozko minak eragiten ziola adibidez. Baina Napoleonek bazituen hain ezagunak ez diren beste ohitura bitxi batzuk, esaterako, bazkalburuak otorduen erdian jaten zituen.

Woody Allen ere aipa daiteke. Allen-ek badu mania bat: gidoiak lehen gidoia idatzi zuen idaz-makina berean idazten ditu. Allen-ek ez du ordenadorerik, eta antza ez ditu batere gogoko, gainera. Eta ospetsuen manien atalari amaiera emateko horra hor beste maniazale amorratua: Hitler. Adolf-en mania bitxienetako bat zera zen: gorroto zuen bere logelan loreak egotea, ebakitako loreak hilda daudelako eta ez zuelako gura bere logelan hildako ezer egotea. Egotekotan, hobe Auschwitzen edo Treblinkan.

Ospetsuen maniak



Hiart Leitza, Skalariak taldeko kidea.
Urduri nagoenean eskuak eta behatzak ukitzen ditut etengabe, eta azazkalak jaten ditut”.

Mikel Valverde, marrazkilaria.
“Oso buru txarra dut eta gauzak paperetan idazteko ohitura dudanez, etxeko mahai eta txoko guztietan boligrafoak izan ohi ditut”.

Xabi Totorikaguena, “Basetxea”-ko lehiakide ohia.
Kirol zapatilak biltzeko mania dut. Nik erositako 40 pare izango ditut etxean. Gehiegitxo”.

Arantxa Hirigoien, “Bertatik bertara” saioko aurkezle ohia.
Gauzak ongi biltzea eta antolatzea gogoko dut, baina mania baino, ohitura bat da”.